Ziklada uharteak
(Gr. Kyklades). Egeo itsasoko uhartedia. 2.572 km2 eta 89.000 biztanle. Hiriburua: Hermoupolis (Siros uhartea). Hogeita hamar bat uhartek osatua da; haietatik garrantzitsuenak hauek dira: Amorgos, Andros, Delos, Ios, Kea, Kimolos, Kithnos, Milo, Mikonos, Naxos, Paros, Santorin (Thera), Serifos, Sifnos, Siros, Tinos. Uharteak itsaspeko mendietako gailurrak dira. Izena Delos uharte sakratuaren inguruan moldatzen duten zirkulu (kyklos) itxuratik datorkie. Ekoizpen nagusiak: ardoa, tabakoa, fruituak, mineralak, marmola. XX. mendean uhartedia bizkor husten ari zen harik eta turismoa garatu zen arte. v Historia. Antzinatean Brontze Aroko kultura gunea izan zen, (K.a. 3000 urte). Zikladetako kultura Kretakoa eta Mizenaskoa baino ehunka urte lehenago garatu zen; hilobien eta akropolisen arkitektura, harrizko eskulturak eta eskultura horien forma geometrikoa dira haren ezaugarri nagusiak. Uhartediaren nagusitasuna itsasoan, bertako metal eta harri baliabideetan oinarritua, nabaria izan zen, harik eta kretarren aurrean makurtu behar izan zuten arte. K.a. 479an Atenasko itsas konfederazioan sartu ziren. Gero Bizantzioren mende egon ziren, eta 1204an Veneziako dukerri bihurtu ziren. 1566an turkiarrek beretu zuten.