Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zelaya Letamendia, Juan

Gipuzkoar enpresaria (Oñati, 1920). Ingenieritza ikasketak 1947an bukatu zituen Bilbon, eta orduz geroztik hainbat enpresaren sorrerari eta jabegoari lotua egon da. Besteak beste, Cegasa, Tuboplast eta Hidronor nabarmen daitezke, hiruon presidente izan baita. Horiez gain, beste enpresa batzuen partaide ere bada. Gipuzkoak XX. mendean zehar eman dituen hamar enpresa gizon bikainenen artean kokatu du Gipuzkoako Mertataritza eta Industria Ganberak, baina horretaz gain euskalgintzan ere nabarmendu da, baita kirolari eskaini dion laguntzan ere. Izan ere, bere laguntzari esker osatu zen lehen aldiz Everest gainera euskaldun bat –Martin Zabaleta­– eraman zuen espedizioa, eta gaur egun ere bere enpresek jarraitzen dute kirolgintza babesten. Euskal kulturaren eta euskararen alde ere lan handia egin du beti (Ikastolak, UZEI, Everesteko Tximist espedizioa, txirrindularitza…). Ildo beretik, Euskal Fundazioaren bultzatzailea eta presidentea da. Fundazioaren helburua euskal kulturgintzaren sustapena izanik, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Lan Onari saria jaso zuen 2000. urtean, eta 2001ean Sabino Arana Fundazioaren saria ere eskuratu zuen. Urte berean, Pamiela argitaletxearekin batera, milioi bat pezetaz hornitutako saiakera saria sortu zuen.