Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zare

Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria (Oibarre ibarra, Iruñeko merindadea). Sada du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Leatxe eta Oibarre, ekialdean Oibarre eta Kaseda, mendebalean Ezporogi eta hegoaldean Galipentzu eta Kaseda. Garaiera, 519 m. 12,54 km2. 1999ko datuen arabera, 246 biztanle (zarearrak). Hizkuntza, gaztelania. XVIII-XIX. mendeetan zehar galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, mahatsa) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira. Aipagarriak dira San Bizente parrokia eliza, XVIII. mendeko Santa Luzia ermita, Santa Eufemia ermita eta herriaren erdian dagoen harrizko gurutzea. v Historia. 1112. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Zareko herria. Oibar ibarreko kide izan da Erdi Aroaz geroztik. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.