Zanuck, Darryl Francis
Estatu Batuetako zinema produktorea (Wahoo, Nebraska, 1902 - Palm Springs, Kalifornia, 1979). Eleberriak eta ipuinak argitaratu zituen zineman hasi aurretik. Gidoigile gisa lan egin zuen Mack Sennett eta Harold Lloydentzat. Gero Warner Bros produkzio etxean jardun zuen gidoigintzan. 1931n Warnerreko produkzio zuzendari izendatu zuten eta genero beltzean klasiko izatera iritsi ziren film batzuk ekoiztu zituen: The Public Enemy, Little Caesar. 1935ean sortutako Twentieth Century-Fox produkzio etxeko lehendakariorde eta produkzio zuzendari izendatu zuten; hogei urtez lan egin zuen han, produkzio etxe horren estiloa eta filmen moldea tankeratu zuen eta arrakasta handiko filmak produzitu zituen, horretarako laguntzaile talde bikain bat eraturik. Hark ekoiztutako filmek gidoien egituraketa bikaina, muntaketaren bizitasuna eta kontaketaren lirikotasuna eta doitasuna dute ezaugarri. Bigarren Mundu Gerraren ondoren dokumental kutsuko thriller bikainak produzitu zituen. 1953tik aurrera CinemaScope eta De Luxe kolore baliabidea erabili zuen, telebistaren konkurrentziari aurre egiteko. Azken urteetan arrakasta handiko film batzuk ekoiztu zituen; 1971n erretiratu zen.
- Zanzibar
- zantzo
- zantzoka
- zantzolari
- zantzu
- Zanuck, Darryl Francis
- Zanussi, Krysztof
- zapa
- zapaburu
- zapaka
- zapal