Zanzibar
Tanzaniako itsasertzaren aurrean dagoen koral uhartea, Indiako Ozeanoan. Izen bereko itsasarteak bereizten du Afrikako kostaldetik. 1.658 km2 eta 240.000 biztanle. Pemba izeneko uhartearekin batera lurralde autonomo bat osatzen du Tanzaniako Errepublikaren barruan. Lurralde autonomoak 2.642 km2 eta 442.000 biztanle ditu; Zanzibar da hiriburua, eta izen berbera du lurralde autonomoak ere. Klimari dagokionez lurralde epel euritsua da. Teka arbola eta erritxina zuhaitzen oihan asko da eta kotoia, azukre kanabera eta kokoa ekoizten dira. Zanzibarrek dauka iltzearen munduko monopolioa. v Historia. Antzinatean sultan herria izan zen, eta bertan zegoen Afrikako esklaboen salerosketarako merkaturik handiena. 1890ean, Britaina Handiko protektoratu bihurtu zen, Pemba uhartearekin batera. 1963an, burujabetza lortu zuen Commonwelth erakundearen barruan. Handik urte betera, iraultza bat izan zen, sultan herria desegin eta errepublika sortu zen. Urte hartan bertan, Zanzibar eta Pemba Tanganikarekin batu ziren eta Tanzaniako Errepublika sortu zuten.