Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zaldibia

Gipuzkoako hego-ekialdeko udalerria, Nafarroako herrialdearekin muga egiten duena (Goierri). Mugak: iparraldean, Arama, Itsasondo eta Gaintza; ekialdean, Abaltzisketa eta Leitza (Nafarroa); mendebalean, Ordizia, Lazkao eta Ataun; hegoaldean, Ataun. Garaiera, 164 m. 16,2 km2 ditu. 2000eko datuen arabera, 1.476 biztanle (zaldibitarrak). Amundarain errekak igarotzen du. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 88,5. Industria (janari industria, eraikuntza, zurgintza) da ekonomia jarduera nagusia. Dena dela jende asko Beasain eta Zumarragako industrietara joaten da langile. Aipagarria da Fede Santuaren parrokia eliza gotikoa.  v Historia. 1399. urtean, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Lazkaoko etxe multzo batekin batera, Ordiziako herriaren administraziopean geratu zen Zaldibiakoa eta egoera horretan egon zen 1615. urtean Filipe III.ak emandako Errege-agiri bati esker hiri-gutuna izan zuen arte. Urte horretan bertan Elgoibarren egindako Batzar Nagusietan izan zen Zaldibiako ordezkaria baina urteroko bi batzarretara ordezkari bat bidaltzea garesti zenez gero, Oriako Batasuna deitua osatu zuten Zaldibiako, Altzagako, Aramako, Gaintzako, Itsasondoko eta Legorretako herriek eta ordezkari bakarra bidaltzen zuten, beraz, Batzar Nagusietara. XVII, XVIII eta XIX. mende erdira arte herri-elkarte askotako kide izan zen Zaldibia (Ordiziako Batasuna, Atazalbeakoa), 1852. urtean betirako udalerri burujabe bihurtu zen arte. Bozue Txikia elkarteko kide izan zen, halaber, aspalditik.