zaldi
iz. Ugaztun handia, zurdazko adatsez hornitua, hanka lirain apodunak dituena, zama eta garraio abere gisa erabiltzeko gizakiak etxekotua. || Fis. Ahalmen banakoa. || Zaldi baba. Baba mota bat. || zaldi-orrazi. Zaldiaren eta kidekoen larrua garbitzeko erabiltzen den orrazi modukoa. v Zaldia ekidoen familiako ugaztun perisodaktiloa da, 90-165 cm garaia, hanka sendoak, buru eta begi handiak, belarri laburrak, lepo luzea eta, lepogainean eta isatsean izan ezik, ile motz leuna duena. Zaldiak 40 hortz izaten ditu, behorrak, berriz, 36. Bezatu erraza da. Jakintsu gehienen iritzian gaurko zaldi etxekotuek Asiako estepetako Equus przewalskii, Mongoliako Equus gmelini eta Europako erdialdeko Equus robustus basazaldietan dute jatorria. Gaur egun bizi diren zaldi bezatuak hiru arraza sailetan bil daitezke duten itxuraren arabera: dolikomorfoak, gorputzez lirainak eta hanka-luzeak direnak, lasterketarako hobekien egokituak daudenak, arabiarra, esate baterako; mesomorfoak, gorputzez dolikomorfoak baino sendoagoak direnak, baina lasterkarako ere nahikoa gaitasun handiak dituztenak, Irlandako hunter arrazakoa, esate baterako, eta brakimorfoak, oso gorputz eta hanka sendoak dituztenak, eta zama-garraiorako erabiltzen direnak, pertxeroia, esate baterako.