Zaldibar
Bizkaiko hego-ekialdeko udalerria, Gipuzkoako herrialdearekin muga egiten duena (Durangaldea). Mugak: iparraldean Ermua eta Mallabia; ekialdean, Eibar (Gipuzkoa) eta Elgeta (Gipuzkoa); mendebalean Berriz eta hegoaldean Elorrio. Garaiera, 210 m. 11,84 km2 eta 3.308 biztanle (zaldibartarrak). Auzo nagusiak: Eizaga, Gatzaga, Goierri eta Urizar. Ego (ekialdetik) eta Ibaizabal (mendebaletik) ibaiak igarotzen dira udalerriaren eremutik. Euskara, bizkaiera; euskaldunak, % 45. Ekonomia jarduera nagusia industria da (altzairugintza, eraikuntza metalikoak, makina-erreminta, janari industria, zurgintza). Dena dela industrian diharduen jende askok bigarren lanbide ditu baserriko lanak. Langile askok dihardu halaber zerbitzuen alorrean (oinarrizko zerbitzuak, bainutegia). Aipagarriak dira XIII. mendeko San Andres Apostoluaren eliza (XVI eta XVIII. mendeetan eraberritua), San Kristobal Ulantzuko, San Lorentzo Irizarreko eta Zaldibarko San Martin, Santa Marina eta Santiago ermitak.