Yokohama
Japoniako hiria, Honshu uhartean, Tokiako badiaren sartaldean, Kanagawako departamentuko hiriburua. 2.610.124 biztanle. Jatorriz arrantzale herria zen baina portua 1859an merkatari europarrei ireki zitzaienez gero guztiz handitu zen. Tokio gertu duenez, 1941etik aurrera bietako portuak batera administratzen dira. Urtean 120 milioi tona salgai mugitzen ditu portuak. Batez ere petrolioa, metalurgiarako lehengaiak, kotoia, azukrea eta artilea inportatzen ditu. Bertatik, berriz, makineria eta manufakturak esportatzen dira. Hiriaren iparraldean eta kostan lantegi asko ditu eta errekaz eta ubidez lotuak dira portuarekin. Petrolioa fintzeko lantegiak, ontziolak, kimika industriak, metalurgia, siderurgia, autogintza, burdinbide gaien fabrikak, elektrizitatezko tresnen fabrikak, ehundegiak eta ehun fabrikak ditu. 1923an lurrikara batek hiriaren laurdena suntsitu zuen, eta 20.000 pertsona hil ziren; berriro eraikitzean mendebaldeko hirien itxura hartu du. Bigarren Mundu Gerraren azken urtean, Estatu Batuetako gudarostearen bonbardaketek ia guztiz suntsitu zuten hiria, baina berriro eraiki zuten egitura modernoen arabera.