Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xerxes

(Antzinako persieraz, Khshayarsha). Bi errege akemenestarren izena. v Xerxes I.a. Persiako erregea K.a. 486-465. urteetan (K.a. 519 inguru - 465). Dario I.aren eta Atosaren semea zen. Anaia zaharragoei aginpidea harturik, erregetzako lehen urteetan Egiptoko (486) eta Babiloniako (482) matxinadei aurre egin behar izan zien. Biak gogor zanpatu ondoren, aitak Marathonen jasandako porrotaren mendekua prestatzeari ekin zion. Hiru urteren buruan gudaroste handia eraturik –300.000-400.000 gudari artekoa, 1.200 gerra ontzi–, Greziaren aurka jo zuen (480), eta horrela hasi zen II. gerra medikoa. Helesponto igaro eta greziarrak garaitu zituen Termopiletan; Beozia eta Atika bereturik, su eman zion Atenasi, bertako biztanleek alde egin ondoren. Salaminako guduan, alabaina, bere itsas armada suntsiturik geratu zen. 479an Mardoniosen agindupean geraturiko armada garaitua izan zen Platean. Harrezkero, persiarrek beren mendeko Europako lurraldea (Traziako satrapia) utzi behar izan zuten. Persepolisen kokatu zen eta hiria hainbat eraikuntzaz edertu zuen. Erregetzako azken urteetan Xerxesek konplot anitz jasan zituen eta azkenik gortesau batek hil zuen. Artaxerxes I.a semea izan zuen ondorengo. v Xerxes II.a. Persiako erregea 45 egunez, K.a. 424an. Sogdianos anaiordeak hil zuen eta hau Darios II.a Sasikoak hil zuen.