Wilson, Thomas Woodrow
Estatu Batuetako 28. lehendakaria 1913-1921 urteetan (Stauton, Virginia, 1856 - Washington, 1924). 1910ean alderdi demokratako gobernari izendatu zuten New Jerseyn. Alderdi demokratako joera liberalenaren jarraitzaile izan zen. 1912ko eta 1916ko hauteskundeak irabazi zituen, eta 1921 arte iraun zuen lehendakaritzan. Politika berrizalea egin zuen eta berrikuntza demokratiko ugari abiarazi zituen: besteak beste, aduana zergak murriztu, bankuei kontrol federala ezarri zien, trusten eragina murrizteko ahaleginak egin zituen, zortzi orduko lan-eguna ezarri zuen eta emakumeei boto eskubidea ezagutu zien (1920). Nazioartean Hego Ameriketako lurraldeen gaineko kontrola areagotu nahi izan zuen; horretarako armak eta neurri ekonomikoak erabili zituen eta Lehen Mundu Gerran neutral izateko ahaleginak egin zituen, baina alemaniarrek Estatu Batuen gerraontziak hondoratu ondoren gerran sartu behar izan zuen. 1918an nazioartean bake demokratiko eta bidezkoa lortzeko oinarriak azaldu zituen eta Nazioen Elkartea sortzeko proposamena egin zuen. 1919ko Bakearen Nobel saria eman zioten. 1919an elbarritasunak jo zuen eta bere agintaldia bukatu zenean politika utzi zuen.