Wilder, Billy
(Jaiotza izenez Samuel Wilder) Estatu Batuetako zinemagilea, jatorriz austriarra (Viena, 1906 - Los Angeles, Kalifornia, 2002). Kazetari eta dantzari izan zen Berlinen; gero gidoiak idazten hasi zen UFA produkzio etxean, Robert Siodmak, Gerhardt Lamprecht eta beste zuzendari batzuentzat. Nazien ihesi, Parisa joan zen eta han egin zuen lehen filma, Mauvais graine (1933). 1934an Hollywoodera iritsi zen eta gidoiak idatzi zituen Lubitsch, Hawks eta beste zuzendari batzuentzat. The Major and The Minor (1942) eta Five Graves to Cairo (1943) komediak ditu Estatu Batuetako bere lehen filmak, baina zinema beltza eta drama dira garai horretan gehien landu zituen generoak: Double Indemnity (1944, Galbidea), James M. Cain-en eleberrian oinarritutako maisu lana, Raymond Chandlerrekin batera idatzia; The Lost Weekend (1945, Asteburu galdua), idazle alkoholiko baten historia kontatzen duen film garratza; Sunset Boulevard (1949), Hollywoodeko izarren gainbeherari buruzko kronika; A Foreign Affair (1948), The Big Carnival (1951), Stalag 17 (1953), konzentrazio eremu batean girotua; Witness for the Prosecution (1957, Aurkako lekukoa). Gero komediak filmatu zituen, ironiaz eta zinismoaz eginak, gizartearen hipokrisia gogor salatzen dutenak, arrakasta handikoak, batzuk klasiko bilakatuak: Sabrina (1954), Some Like It Hot (1959, Batzuei bero gustatzen zaie), The Apartment (1960), One, Two, Three (1961), Kiss me, Stupid (1964, Eman musu, ergela), Irma la Douce (1963), The Fortune Cockie (1966), The Private Life of Sherlock Holmes (1970), Avanti! (1972), The Front Page (1974), Fedora (1978), Buddy, Buddy (1981). Autobiografia bat idatzi zuen eta hainbat Oscar sari jaso zituen. Billy Wilder Hollywoodek eman duen zinemagilerik bikainetako bat da, komedian eta draman maisua, gidoigile eta aktoreen zuzendari aparta.