Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wilander, Mats

Suediar tenis jokalaria (Vaxjo, 1964). Hamar urterekin hasi zen tenisean jokatzen, eta 1980an hasi zen nazioarteko lehiaketetan parte hartzen. Lehen urtean munduko tenis sailkapeneko 283. lekuan geratu zen. Roland Garros eta Bangkokeko gazteentzako lehiaketak irabazi ondoren, 69. posturaino igo zen. Hiru aldiz irabazi zuen Godo Kondearen Sariketa (1982, 1983, 1984), Davis Kopa 1983an, eta Volvo Sariketa Handia 1984an. 1989an bere bizitzako urterik txarrena izan zuen, eta munduko bigarren jokalari onena izatetik hamaseigarren izatera igaro zen. Tenisa erabat utzi gabe ere, 1991n, Suitzako Are herrian, bere bizitzako ametsa beteaz, bere lehen rock kontzertua eskaini zuen kantari gisa. 1991-1996 bitartean tarteka-marteka agertu zen tenis zelaietan. 1996an kokaina hartzeaz akusatu zuten doping kontrol batean, Frantziako Irekian.