Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Washington

Estatu Batuetako ipar-mendebaleko estatua. Mugak: iparraldean, Kanada; ekialdean, Idaho; mendebalean, Ozeano Barea; hegoaldean, Oregon. 176.479 km2 ditu eta 5.018.000 biztanle. Hiriburua, Olympia. Hiri nagusiak: Richland, Seattle, Spokane eta Tacoma. v Orografia. Washingtongo orografia bi partetan bereizten du Cascade Range mendikateak, ekialdea eta mendebala. Mendebalean Olympic mendiak, Kostaldeko mendikatea eta Puget Sound ordokia daude. Cascade Range mendialdearen ekialdean ordoki eskualdea zabaltzen da: Columbiako ordokia (munduko labazko zelairik handienetakoa), arroila sakonak eratzen dituzten bi ibaik zeharkatua. Gailur garaienak, sumendi itzaliak, Cascade Range mendikatean daude: Rainier, 4.391 m; Adams, 3.751 m. Orografia aldetik oso lurralde ikusgarria da eta parke nazional ugari ditu: Olympic, Rainier mendia, Grand Couleeko inguruak. Columbiako ibarra lehorra da oso, baina estatuaren ekialdeko klima epelagoa eta hezea da. v Ekonomia. Nekazaritza oso oparoa da: garia, garagarra, fruitu arbolak, patata eta azukre kanabera dira gehien lantzen diren gaiak eta abere hazkuntzak (behi azienda) ere garrantzi handia du. Basogintza (lur edkoizpenari dagokionez 3. estatua da), meategia (ikatz, magnesio, beruna, zinka eta uranio hobi handiak) eta industria (hegazkingintza, zurgintza, papergintza, janari industria, kimika industria, metalurgia, nekazaritzarako makineria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) halaber, lehen mailako ekonomia jarduerak dira. Ibaietan indar-etxe asko ditu. v Historia. 1774-1775 urteetan iritsi zen lehen europarra, Juan Pérez espainiarra. Oregongo parte zen 1853. urtean lurralde autonomo egin zen arte. 1889. urtean Estatu Batuetako 42. estatu bihurtu zen.