Washington, George
Estatu Batuetako lehen lehendakaria (Westmorelandgo konderrian, 1732 - Mount Vernon, 1799). Estatu Batuetako iraultzako jeneral nagusia izan zen, eta “Herriaren Aita” deitu zuten. Familia aberats batean jaio zen, eta topografo izan zen gaztetan; Mendebaleko lurraldeak esploratzen ziharduen Ohio enpresan lanean aritu zen. Gudarostean sartu eta azken frantses-indiar gerran borrokatu zen. 1755ean Virginiako osteko buru izendatu zuten, koronel karguaz. Biltzar Kontinentaleko ordezkari izan zen (1774-75), eta han, britainiarrekiko borroka hasi zenean, kontinenteko osteen buru egin zuten. Gerran Estatu Batuen independentziaren aldeko gudarostearen buruzagi nagusi izan zen kanpaina guztietan; 1781ean Cornwallis jeneral ingelesak errendizioa sinatu zuen eta, gerra amaitua, Washington Mount Vernonera erretiratu zen, baina gobernu berriarekin ados ez zegoela eta, politikara itzuli zen berriro. Lehendakari izan zen Konstituzioa finkatzeko bigarren Konbentzio federalean (1787), eta eragin handia izan zuen Estatu Batuen Konstituzioaren idazkeran. Aho batez aukeratu zuten lehendakari, eta 1789ko apirilaren 30ean hartu zuen ofizialki kargua. Alderdikeriak saihesten saiatu bazen ere, ez zuen lortu, eta Alexander Hamiltonen eraginez jarrera atzerakoietara jo zuen. Lehendakaritzan egin zuen bigarren aldiak Jeffersonen aldekoen oposizio gogorra ekarri zion. Alderdien arteko borrokez nekatuta, uko egin zion hirugarren aldiz lehendakari izateari, eta 1797. urtean betiko erretiratu zen Mount Vermontera. Handik bi urtera hil zen; edonon aitortu zuten bera gabe ez Ameriketako iraultza, ez errepublika berriaren sorrera, ez zirela horrela gertatuko.