Vo Nguyên Giap
Vietnamdar jenerala (An Xa, 1912). Oso gazterik alderdi komunistako kide egin zen. Hiru urtez atxilo egon ondoren zuzenbide ikasketak egin zituen Hanoin eta, Indotxinako alderdi komunista debekatu zutenean, Txinara joan zen. 1944. urtean Tonkin-era itzuli zen eta frantses kolonoen aurka borrokatu zen. 1945ean, Ho Chi Minh-en agintaldian, Gerrako eta Barne Arazoetako ministro izan zen eta 1946. urtean erabateko haustura lortu zuen Frantziarekiko. 1947an Viet Minh-eko jeneral egin zuten eta 1954 arte frantsesen aurka borrokatu zen Indotxinan. 1960. urtean Ipar Vietnamgo Defentsako ministro egin zuten. 1968-1975. urteetan Vietnamgo gerrako azken erasoak antolatu zituen eta 1976. urtean, Vietnam batu ondoren eta Vietnamgo Errepublika Sozialista aldarrikatu zenean, gudarosteko buruzagi nagusi eta Lehen Ministrorde egin zuten. Gerrillari buruzko eskuizkribu bat idatzi zuen: Herriaren gerra, herri gudarostea (1961).