Vilnius
(Errus. Vilnyus; Lituanieraz Wilnus; Polonieraz Wilno; Al. Wilna). Lituaniako hiriburua, errepublikako hego-ekialdean, Neris eta Vilnia ibaien bilgunean. 582.000 biztanle. Unibertsitatea. Burdinbide gune garrantzitsua. Merkataritza eta industria (tresneria elektrikoa eta mekanikoa, kimika industria, larrugintza, beiragintza, janari industria, nekazaritza makineria, ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Hiriak Bigarren Mundu Gerran kalte handiak izan bazituen ere, monumentu asko gorde ditu. Aipagarriak dira hiriaren gainean dagoen Gediminas gazteluaren hondakinak, XVI. mendeko Santa Ana eliza gotikoa, XVII. mendeko Petri eta Paulo santuen eliza barrokoa, 1387. urteko katedrala (1801. urtean berritua) eta XVIII. mendeko udaletxea (museoa gaur egun). v Historia. X. mendean sortu zen hiria; Guedimin-en garaian (1323) Lituaniako hiriburu egin zuten. 1377. urtean teutoniar zaldunek suntsitu ondoren hiria berriro eraiki eta apezpikuaren egoitza bihurtu zen. XVI-XVIII. mendeetan errusiarrek eta suediarrek inbaditu zuten eta suteak gertatu ziren 1610 eta 1706. urteetan. 1915ean Poloniaren mende geratu zen, 1918an sobietarren esku eta 1919an, berriro ere, Poloniaren mende. 1939an Lituaniaren administraziopean jarri zen. 1941-1944. urteetean alemaniarrek hartu zuten. 1991n Lituania burujabearen hiriburu egin zuten.