Villoro, Luis
Mexikar filosofoa (Bartzelona, 1922). Ikasketak bukatuta, filosofia eskolak eman zituen Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan eta Unibertsitate Autonomo Metropolitanoan, Mexiko Hirian biak. Hiperion taldeko kide gisa, beste intelektual batzuekin elkartzen zen Mexikoko egoera aztertzeko eta pentsamendu filosofiko benetako bat sortzeko, fenomenologiaren, existentzialismoaren eta marxismoaren eraginpean. Bere filosofia lanaren parte handi bat ideologiaren kontzeptua aztertzea izan zen, eta azterketa horretan metodo berriak proposatu zituen. Bestalde, azkeneko urteotan, jakintzaren baldintzei buruzko arazo epistemologikoak, eta esanahiarekin zerikusia duten hizkuntzaren filosofiako gaiak aztertu ditu batez ere. Eskola jakin bati atxikimendu berezirik adierazi gabe ere, etengabeko eta errotikako kritikatzat dauka berak filosofia, pentsamendu sistema handiak eraikitzeko bidetzat baino gehiago. Obra aipagarrienak: Los grandes momentos del indigenismo en México (1950, Mexikoko indigenismoaren une handiak), El proceso ideológico de la revolución de Independencia (1953, Independentzia iraultzaren prozesu ideologikoa), Páginas filosóficas (1962, Orri filosofikoak), La idea y el ente en la filosofía de Descartes (1963, Ideia eta izakia Descartesen filosofian), Estudios sobre Husserl (1975, Husserli buruzko azterketak), Creer, saber, conocer (1982, Sinestea, jakitea, ezagutzea).