Villarreal, Juantxo
Eskubaloi entrenatzaile gipuzkoarra (Errenteria, 1947). Irungo C.D. Bidasoa eskubaloi taldearen aulkian hogeitabi urte entrenatzaile lanetan aritu ostean, 1997an erretiratu zen. C.D. Bidasoak bere eskutik bizi izan ditu urterik emankorrenak. Entrenatzaile gisa hainbat garaipen eta titulu irabazi ditu Villarrealek. Lehena, 1986/1987 denboraldian lortutako Liga Txapelketa. Ordutik aurrera, emaitzak kontuan harturik, talde irundarraren urrezko aroa zuzendu du errenteriarrak. 1994/1995 denboraldian bere ametsa egia bihurtu zen: Elgorriaga Bidasoa Europako Kopa irabaztea hain zuzen ere. Europan titulurik irabazi duen lehen euskal entrenatzailea izan zen. Bi urte geroago, 1996/1997 denboraldian, Europako Errekopa erdietsi zuen Bidasoak. Villarrealen palmaresa titulu hauekin osatzen da, besteak beste: 1994/1995ean Asobal Liga; 1990/1991n eta 1994/1995ean Errege Kopa; 1992/1993an Asobal Kopa eta 1995/1996 denboraldiko Superkopa. Egun C.D. Bidasoako Zuzendari Teknikoaren lana Euskadiko Selekzioaren hautatzaile lanarekin tartekatzen du Juantxo Villarrealek.