Var
Frantziako hego-ekialdeko departamendua [83], Provence-Alpes-Côte-d’Azur-eko lurraldean, Mediterraneo Itsasoaren ertzean. 6.023 km2 ditu eta 708.331 biztanle. Prefetura hiria, Toulon. Suprefetura hiriak: Brignoles eta Draguignan. Kostaldea malkorra eta badiek hautsia da. Han daude La Lavandou, Saint-Tropez, Sainte-Maxime eta Saint Raphaël turismo hiriak. Kostaldearen atzealdean Maures mendiak daude (700 m inguru), baso trinkoez estaliak. Argens, Verdon eta Draguignan dira departamenduko ibai nagusiak. Nekazaritza (mahatsa, barazkiak, fruitu arbolak, loreak, behi azienda) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria gehiena Toulongo hirian dago bilduta. Europako bauxita hobi handienetakoak daude Brignoleseko hiritik hurbil.