Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uztaritze

Lapurdiko erdi-ekialdeko udalerria, izen bereko kantonamenduan, Errobi ibaiaren bi aldeetara hedatzen dena. Ustaritz du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Basusarri eta Milafranga; ekialdean, Milafranga, Jatsu eta Larresoro; mendebalean, Arrangoitze eta Senpere; hegoaldean, Zuraide, Ezpeleta eta Larresoro. 32,75 km2. 1999ko erroldaren arabera, 5.357 biztanle (uztariztarrak). Auzo nagusiak: Uztaritze, Herauritz, Arrauntz eta Elizagaraia. Euskara, Lapurdiko behe-nafarrera; euskaldunak, % 70. Laborantza (barazkiak, artoa, bazkarako landareak), abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) eta horien inguruan sorturiko industria (janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Azken urteotan gorantz egin du turismoak inguru honetan eta gero eta jende gehiagok egiten du lan zerbitzuetan. Beste langile asko Angelu-Miarritze-Baionako industrietara joaten da lanera. v Historia. Lapurdiko antzinateko hiriburua izan zen eta Errobi ibaian ontziz iritsi zitekeen mugan zegoenez, ibai trafiko handia gertatzen zen. Lapurdin kristautu zen lehen herrietariko bat izan zen, inoiz izan zen San Bizente eliza lekuko. 1170. urtean Arnau Lapurdiko bizkondeak eraiki zuen han bere gaztelua. XIII. mende bukaeran Akitaniako dukearen esku zegoen gaztelua eta harrez gero bertan egiten ziren lapurtarren biltzarrak. Iraultza frantsesak, ordea, indargabetu zuen Biltzarra eta gainbehera aldi bat hasi zen Uztaritzen. 1523. urtean artoa aldatu zuten Uztaritzen (Mendebaleko Europan artoa aldatzen zen lehen aldia).