Usman, Awang
Malaysiar poeta (1929 - 2001). Malaysiako literaturako idazle nagusietako bat. Tongkat Warrant ezizena erabiltzen zuen, eta malaysiarrek herriaren poeta deitzen diote. Malaysiako Sari Nazionala irabazi zuen 1983an, eta 1976an Anugerah Pejuang Sastera saria. Polizia gisa lan egin zuen hasieran, Utusan Melayu egunkari taldean sartu baino lehen, 1950ean. Bere obra gizartearen askatasuna eta justizia lortzeko kezkari lotua egon da beti, malaysiar abertzaletasuna aldarrikatzeaz gainera. Angkatan Asas 50 (Berrogeita hamarreko balaunaldia) literatura taldearen sortzaile eta idazle nagusi izan zen. 1961ean Utusan Melayu-ko lana utzita, Dewan bahasa dan Pustaka agentzian (Literatura Nazionaleko agentzia) hasi zen lanean. Agentziako zuzendari izan zen, eta literatura ikerkuntza saileko zuzendari, gero. Bere poesia liburuetan, hizkera soil eta zuzen batez, bere kezka sozialak agertu zituen: Uhin handia (1961); Arantza eta sua (1967); Goraintziak kontinenteari (1982). Poesiaz gainera, ipuinak ere argitaratu zituen, Taupada izeneko liburuan bilduak, eta orobat eleberriak (1976, Hezur sakabanatuak), zein antzerkiak (1968, Kenny Hillera joateko gonbidapena) eta drama musikal herrikoiak.