Urzay, Darío
Bizkaitar pintorea (Bilbo, 1958). Bilbon bizi eta lan egiten du, hainbat urtez New Yorken ere estudioa izan ondoren. 1983tik 1989ra bitartean EHUren Aste Ederren Fakultateko irakasle izan zen, eta ondoren Londres eta New Yorkera joan zen bolada batez atzerrian lan egitera. Bakarkako erakusketa ugari egin ditu, Espainian nahiz eta Espainiatik kanpo. Bere lanetarako teknika ugari uztartzen ditu: pintura, argazkia, ordenagailu bidez sortutako irudiak… Horien guztien bateratzearen emaitza da bere azken urteetako lanaren muina. Lanean hasi zenetik kezka bizia agertu du irudiaren osaketaren inguruan, prozesu horretan ikuslea egilea bezain garrantzitsua dela azpimarratuz. Berrikuntza eta bide berrien bila, tresna bitxiz baliatu izan da maiz bere lana osatzeko: bere eskuen mugimenduak jarraitzen zituen brotxaz hornitutako tramankulu mekanikoa, kamera irekia… 1997. urteaz geroztik, Bilboko Guggenheim Museoan ere ikusgai dago bere obra. 2000. urteko udazkenean Bilboko Rekalde aretoak atzerabegirako erakusketa eskaini zion.