Urruzola Vitoria, Estanislao
(«Uxola»). Gipuzkoar idazle eta itzultzailea (Tolosa, 1909 - Tolosa, 1986). Tolosan egin zituen merkataritza ikasketak, eta 15 urte zituela inprimeria batean lanean hasi zen. 1929an, EAJ-n sartu zen. Gerra garaian gudari ibili zen eta Laredon atxilo hartu zuten 1937an. Hamar bat urte espetxean egin ondoren Bruselara joan zen. Argia, El Dia, Eguna, Euzo Gogoa, Egan, Zeruko Argia, Goiz Argi eta Arantzazu agerkarietan eman zituen argitara lan aipagarrienak. Antzerki lan ugari idatzi zituen. Horien artean batzuk: Eskalearen egarria, lengusu amerikanoa, Euskal mendien eskontza, Ezkontzeko deia, Neronek nere alaba galdu nuen, Indarraren legea, Pernando Amezketarra, Odol urdiñekoak, Larreborda emen izan zan, Buzokiko bost ziran, Biotz zekenak, Sor Gurutze, Azkatasun garratza, Gurutz ori nere bizkarrean artuko det. Itzulpen nagusiak: Lieja´ko urkatua (Simenon), Andre txintxarria (Alvarez Quintero), Erregearen karteroa (Tagore), Burni atzapar (Edgar Wallace), Zaldiko maldiko biurria (Resencof) eta Sugegorri korapiloa (F. Mauriac). Harena da, halaber, Ezpalak eleberria (1973). Euskeratzaintzako kidea izan zen.