Urrüxtoi-Larrabile
Zuberoako iparraldeko udalerria, Maule-Lextarreko kantonamenduan. Arrast-Larrebieu du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Biarno; ekialdean, Biarno eta Mithikile-Larrori-Mendibile; mendebalean, Biarno eta Ezpeize-Undüreiñe; hegoaldean, Mithikile-Larrori-Mendibile eta Berrogañe-Lahüntze. Garaiera, 160 m (Urrüxtoi) eta 200 m (Larrabile). 7,56 km2. 1999ko erroldaren arabera, 107 biztanle (urrüxtoitarrak; larrabiltarrak). Auzo nagusiak: Urrüxtoi, Larrabile, Etxart, Agerria eta Gaztelu. Uhaitzandi ibaiak bereizten ditu Urrüxtoi-Larrabileko udalerria eta Biarnoko eskualdea, iparraldetik. Euskara, zuberera; euskaldunak, % 97. Laborantza (patata, artoa, barazkiak, landare lekadunak) eta abere hazkuntza (behi, ardi eta zaldi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. 1842. urtean egin zuten bat Urrüxtoi eta Larrabileko herriguneek udalerri bakarra osatzeko.