Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

urre

iz. Gai bakuna, metal bikaina, hori distiratsua, urak, aireak eta azidoek erasotzen ez diotena (Au; at.-z. 79; at.-m. 196, 97). Munduko urre, zilar, diamante eta beste harri ederrak. Urrearen balioa erdira jaitsi zenean. Urrea surtan garbiago eta ederrago egiten da. Ontza bat urre. Urre izpiak. Urre koloreko adarrak. Urre gakoaz ate guztiak ireki doaz (esaera). Urruneko eltzea urrez, etxera orduko lurrez (esaera). || Urrea balio du halako gizonak. Urre gose hori ezin aserik. Udazkenak urrezko fruituak ematen zizkien lorategi guztiei. Urrezkoa du bihotza. || Urre gorria: urrea. Urre zuria: zilarra. Urre zurizko dirua. Urre berdea: zilar asko nahasirik duena. || Urrezko ezteiak. ik. eztei. || Urrezko dirua. Ontzako urrea. Boltsa bat urrez betea. || Joko kartetako lau irudietako bat. Bateko urrea.  v Kim. Urrea duen metal nahastura, besteak beste zilarra, kobrea, nikela, eta zinka elkartuz lortzen dena, bitxigintzan nahiz odontologian erabiltzen dena. Metal astuna da, 19,3 gr/cm3-ko dentsitatea du, eta den metalik harikor eta xaflakorrena da, hainbesteraino non mikrometro bateko xafletan ere bana daitekeen. 1.063 °C-an urtzen da, eta 2.600 °C-an lurruntzen. Urak eta aireak ez diote erasotzen, ezta azidoek ere; bai ordea, oxidatzaile indartsuek, gai halogenoek esate baterako. Beroaren eta elektrizitatearen eroale ona da urrea. Aqua regia-k erasotzen du osagarri duen kloroarengatik eta merkuriotan disolbatzen da. Izadian maizenik hondarrarekin nahasturik edo zainetan agertzen da. Arazketa eta amalgamazio bidez lortzen da, eta elektrolisiaren bidez garbitzen. Antzinatik erabili izan da urrea txanponak egiteko, eta baita bitxigintzan ere. Urre xafla meheak erabiltzen dira halaber hainbat gauza urre kolorez apaintzeko (koadroen markoak eta liburuen azalak, esaterako). Elektrolisiaren bidez beste metalei urre kolorea emateko ere erabiltzen da, eta baita, besteak beste, osagai elektronikoak egiteko, zeramikagintzan, eta, 198 isotopo erradioaktiboa badu, minbiziaren kontra. Munduko urre ekoizle nagusiak Hegoafrika, Errusia, Kanada, Estatu Batuak, Japonia eta Australia dira. Urrea garbia dela esaten da 24 kilate dituenean. Bitxigintzan erabiltzen diren aleazioek 10/24, 14/24 eta 18/24 erlazioa izaten dute urre pisutan.  v  Ekon. Antzinatik erabili izan da urrea txanponak egiteko. Erdi Aroan urre eskasia zela eta, zilarra nagusitu zen mendebalean, nahiz eta XVIII. mendean zilarrarekin batera erabili izan zen (bimetalismoa). XIX. mendearen azken urteetan eta XX. mendearen aurreneko urteetan urre meategi berriak aurkitu ziren Kalifornian, Australian, Hegoafrikan, Alaskan eta Transvaalen, besteak beste. Urre patroia edo Gold standard izenekoa Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren bertan behera utzi zen. 1929. urtean izan zen krisiaren ondorioz izan ziren prezioen beherakaden ondoren, urrearen balioa areagotu egin zen, eta haren ekoizpena asko handitu zen. Estatu Batuak bilakatu ziren urre erosle nagusiak; hala, 1934. urtean 35 dolarretan finkatu zuten urre-ontza bakoitzeko prezioa, eta prezio hartan edozein urre kopuru erosteko edo saltzeko konpromisoa hartu zuen. 1971. urtetik aurrera urrearen eta dolarraren trukagarritasuna bertan behera utzi zen, eta 1974. urtean, lehen petrolio krisia izan zenean alegia, urrearen prezioa ontzako 200 dolarrera igo zen. Gaur egun banku zentralen erreserba aktibo nagusienetakoa da, eta batik bat Zurich eta Londreseko merkatuetan salerosten da.  v  Urre patroia edo gold standard. Nazioarteko diru sistema, urrea herrialdeen diru eskaintzaren oinarritzat duena, eta nazioarteko merkataritza eta pagamendu balantzaren defizitak finantzatzeko erabiltzen duena. Urre patroi sisteman truke-tasak urretan finkatzen dira. XIX. mendean asko zabaldu zen urre patroia, eta indarrean iraun zuen harik eta 1931. urtean bertan behera utzi zen arte. Teorian urre patroia nazioen arteko pagamendu desorekak, pagamendu defizitak edo superavitak alegia, orekatzen dituen mekanismo automatikoa da. Defizita kanpoaldera bidaltzen diren urre transferentzien bidez finantzatzen da, eta urre transferentzia horrek nazioaren urre eskaintza murrizten du; bide beretik, eskaintzaren murrizte horrek nazioaren prezioak jaisten ditu, eta inportazioak garestitu egiten ditu, eta ondorioz gutxitu, eta esportazioak berriz merketu, eta hazi. Hala orekatzen da pagamendu balantza. Alderantziz gertatzen da pagamendu balantzaren superavitarekin; superavita dela eta urre kopuru jakin bat jasotzen duen herrialdearen prezioak hazi egiten dira, urre eskaintza hazi egiten delako; era horretan, inportazioak erlatiboki merkeagoak egiten ditu, eta esportazioak berriz garestiagoak.