Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urraulgoiti

Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria eta ibarra (Zangozako merindadea). Urraúl Alto du izen ofiziala. Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Aietxu, Imirizaldu, Irurozki (herriburua) eta Ongotz. Mugak: iparraldean, Abaurrepea, Abaurregaina, Eiaurrieta eta Sartze; ekialdean, Galoze eta Nabaskoze; mendebalean, Artzibar eta Longida; hegoaldean, Urraul Beiti eta Romanzado. Batez besteko garaiera, 570 m. 137,1 km2. 1999ko datuen arabera, 169 biztanle (urrauldarrak). Herrigune hauek osatzen dute Urraul Goitiko udalerria: Adoain, Aietxu, Elkoatz, Eparotz, Ezkanitz, Gindano, Imirizaldu, Irurozki, Lareki, Ongoz, Ozkoidi eta Zabaltza. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende hasieran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantza, basogintza eta abere hazkuntza (ardi, zaldi eta behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak.