Urduña
Bizkaiko udalerria, Burgos eta Arabako herrialdeen artean dagoena (Plentzia-Mungia). Mugak: iparraldean, Aiara eta Amurrio; ekialdean, Amurrio eta Urkabustaiz; mendebalean, Burgosko herrialdea; hegoaldean Burgosko herrialdea eta Amurrio. Garaiera, 293 m. 33,57 km2. 1997ko datuen arabera, 3.901 biztanle (urduñarrak). Auzo nagusiak: Lendoño Goikoa, Lendoño Behekoa eta Mendeika. Nerbioi ibaia igarotzen da udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. XVIII. mendean galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 618 euskaldun, 719 ia-euskaldun eta 2.564 erdaldun. 1.004 lagun dira egun euskaldun eta ia-euskaldunek osatzen duten multzoa. Industrian (altzairugintza, zurgintza, janari industria, eraikuntza; langileen % 61) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, eskolak, dendak; langileen % 33) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Antiguako santutegia, Andre Mariaren eliza eta San Joan Bataiatzailearen eliza. v Historia. Erdi Aroan zehar Bizkaiko plaza guztiz garrantzitsua izan zen, eta hiri titulua zuen bakarra. 1491. urtean, Laudioko harana Bizkaiko Jaurerritik bereizi zenean, Arabako herrialdearen barneko herri bizkaitar gisa geratu zen Urduña. Oso bizileku zaharra da Urduña; Ptolomeok aipatu zuen Uxama Barca hiri erromatarra zen, antza. 774. urtekoa da, aldiz, lehen aipamen idatzi ziurra. 1229. urtean jaso zuen hiri-gutuna Lope Diaz de Haro II.a Bizkaiko jaunaren eskutik eta, beraz, Bizkaiko Jaurerrian hiri-gutuna izan zuen aurrenetako herria izan zen Urduñakoa. Urte berean Gasteizko foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zuten urduñarrek. XVIII. mendean oparotasun handia izan zuten Urduñako biztanleek Bizkaia eta Gaztelako goi-ordokiaren arteko bidea zabaldu eta bertan ezarri zirelako aduanak. XIX. mende erdialdean, aldiz, aduanak kostaldera eraman ziren eta gainbehera ekonomiko latza jasan zuen. Urduñari buruzko dokumentu asko eta asko 1535 eta 1740. urteetako suteetan galdu ziren.