Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

urdu

iz. Hizkl. Indiako hizkuntzetako bat; indoirandar taldeko hizkuntza, Delhi inguruko Ganges eta Jamuna ibaien artean jatorria duena eta egun Pakistango hizkuntza ofiziala eta bai Pakistango eta bai Indiako iparraldeko musulmanen hizkuntza nagusia dena. Hizkuntza arrunta hindustantik dator eta hindieraren oso antzekoa da; elkarren arteko lotura horrek zail egiten du hiztunen kopurua zehaztea, iturri desberdinen arabera 50-100 milioi artekoa delarik. Literatura hizkuntza guztiz desberdina da: persieraren eta arabieraren eragina du eta arabiar alfabeto egokituaren bidez transkribatzen da. Urduz idatzitako erlijiozko prosa XIV. mendean hasi zen idazten, eta poesia obra handiak XVI. mendetik idatziak dira. XIX. mendean hizkuntza mintzatua kontuan hartzen zuen prosa modernoa agertu zen eta XX. mendean bide beretik jarraitu du garrantzi handiko eleberriak eta eleberri laburrak eman dituela.