Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urbasa

Nafarroako ipar-mendebaleko muturreko mendilerroa eta goi-ordokia. 200 km2-ko eremua hartzen du. Mugak: iparraldean, Burundako harana (Olatzagutia, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku eta Ergoiena); ekialdean, Andia mendilerroa; mendebalean, Biarra ibaia eta Opakuako mendatea (Araba); hegoaldean, Ameskoako ibarrak (Lezaun, Abartzuza, Ameskoabaren). 1.000 m-ko garaiera du batez beste eta Baiza (1.183 m), Bargagain (1.154 m), Dulantz (1,239 m), Etxabarri edo Azantza (1.077 m) eta Larregoiko (1.014 m) dira mendi garaienak. Urederra ibaiak eta Arakil ibaia hornitzen duten errekasto txiki askok dute iturburua Urbasako mendilerroan. Faunari dagokionez, ardi, behi, zaldi (pottoka) eta zerri aziendez gainera, azeria, basurdea, erbia, azkonarra, mirotza eta arranoa dira pizti-hegazti ugarienak. Haritzak, pagadiak, pinudiak eta bazkarako larreak dira landare hedatuenak. Arkeologiari dagokionez bestalde, 13 trikuharri, bi tumulo eta menhir bat aurkitu dira gaur egun arte. Metereologia estazio bat da bertan.