Urbano
Zortzi Aita Santuren izena. v Urbano I.a santua. 17. Aita Santua 22-230 urteetan (Erroman hila, 230. urtean). Aita Santua izan zen Sebero Alexandro enperadorearen garaian. Kalisto Santuaren hilerrian aurkitu zen bere hilarria. Jaieguna, maiatzak 25. v Urbano II.a (Eudes edo Odon de Chatillon jaiotza izenaz). 157. Aita Santua 1088-1099 urteetan (Chatillon-sur-Marne, Frantzia, 1042 - Erroma, 1099). Biktor III.aren ondorengoa. Bruno Santuaren ikaslea izan zen. 1075. urtean Clunyko abatetxean sartu zen, eta 1078. urtean Gregorio VII.ak Ostiako apezpiku eta kardinal izendatu zuen. Klemente III.a antipapari aurre egin zion, eta 1094. urtean Letran-en hartu zuen bizilekua. Gregorio VII.aren erreforma politikari jarraitu zion Melfi (1089) eta Piazenza-ko (1095) kontzilioetan. Erreforma horiek Frantzian ezarri nahian Clermont-eko kontzilioa bildu zuen eta kontzilio horretatik ateratzerakoan lehen gurutzada iragarri zuen. v Jaieguna, uztailak 29. v Urbano III.a (Uberto Crivelli jaiotza izenaz). 170. Aita Santua 1185-1187 urteetan (Milan, 1120 - Ferrara, 1187). Milango artzapezpikua eta kardinala zen, eta Luzio III.aren ondorengo izan zen. Frederiko I.a Bizargorriari aurre egin zion. v Urbano IV.a (Jacques Pantaleon jaiotza izenaz). 180. Aita Santua 1261-1264 urteetan (Troyes, 1200 - Perugia, 1264). Verdun-go apezpikua (1253) eta Jerusalemgo Aitagoia (1255) izan zen. Alexandro IV.a hil zenean, Aita Santu izendatu zuten Viterbon. Frantziako Luis IX.arekin negoziatu ondoren, Karlos Anjoukoa Siziliako erresumako buruzagi egin zuen (1262-1264). Bestaberri eguna ezarri zuen (1264ko abuztuak 11). v Urbano V.a (Guillaume de Crimoard jaiotza izenaz). 198. Aita Santua 1362-1370 urteetan (Gévaudan, 1310 - Avignon, 1370). Beneditarra zen. Inozentzio VI.aren ondorengo izan zen Milanen (1352) eta Napolin (1362), eta haren ondorengo Aita Santu izan zen orobat. Erroman hiru urte baino ezin izan zen bizi (1367-1370), eta Avignon-en bizi izan zen. Kultura eta unibertsitateak babestu zituen. v Urbano VI.a (Bartolomeo Prignano jaiotza izenaz). 200. Aita Santua 1378-1389 urteetan (Napoli, 1318 - Erroma, 1389). Azerenza (1364) eta Bari-ko (1377) artzapezpikua izan zen. Erromako herriaren indarrak beharturik izendatu zuten, Aita Santua italiarra izatea eskatzen baitzuten. Kardinal gehienak, ordea, frantsesak ziren eta ez zuten Aita Santutzat onartu; haren ordez Klemente VII.a izendatu zuten Aista Santu eta horren ondorioz mendebaleko zisma piztu zen. v Urbano VII.a (Giovan Battista Castagna jaiotza izenaz). 226. Aita Santua 1590eko irailaren 15etik 27a arte (Erroma, 1521 - Erroma, 1590). Rossano-ko artzapezpikua izan zen (1553), eta 1583. urtean kardinal izendatu zuten. v Urbano VIII.a (Maffeo Barberini jaiotza izenaz). 233. Aita Santua 1623-1644 urteetan (Florentzia, 1568 - Erroma, 1644). Gregorio XV.aren ondorengoa izan zen. Agintean egon zen garaian Inkisizioak Galileo kondenatu zuen (1633). Jansen-en Augustinus lana kondenatu zuen (1643). Urbinoko dukerria Aita Santuen agindupean jarri zuen. Poesiak idatzi zituen latinez (1640, Poemata).