Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

unibertsitate

iz. Goi mailako irakaskuntzako ikastetxea, fakultateetan edo banatua, letretako eta zientzietako irakasgaiak erakusten direna. || Unibertsitateko irakasle, ikasle eta jardunak osatzen duten erakundea.  v Historia. Unibertsitatea Europan sortu zen Erdi Aroan eta hasieran ikasleen eta irakasleen elkartea zen (universitas magistrorum et scholarum); unibertsitateko burua edo errektorea bi taldeen artean hautatzen zuten eta ikasleek –burgesia sortu berriaren artekoak gehienak– finantzatua zen. Agintari laikoek eta elizakoek babestua zen; unibertsitatearen helburu nagusia elizako eta estatuko kargudunak prestatzea zen. Zuzenbidea, medikuntza, filosofia eta teologia ziren bertan irakasten ziren funtsezko gaiak. Kristautasunaren erakundetzat hartzen zuten beren burua, finkaturik zeuden lurraldeko erakundetzat baino areago; ikasleak zein irakasleak etengabean pasatzen ziren batetik bestera eta haietan banaturiko tituluek Europa osorako balio zuten. XIII. mendean irakasleek, Elizari lotua baitziren gehienetan, irakaskuntzaren antolakuntza eta aginpidea bere eskuetan hartuak zituzten. Hasierako unibertsitateen artean lehena Salernokoa da (XI. mendea) bide da eta Pariskoa, Boloniakoa eta Oxford-ekoa XII. mendean omen handienekoak izan ziren. XIII-XVI. mende bitartean hazkunde handia izan zuten, asko sortu baitziren Europa osoan zehar: Montpellier (1289), Cambridge (1230), Padua (1222), Napoli (1224), Palencia (1300), Salamanca (1230), Praga (1348), Krakovia (1364), Alcala de Henares (1498), Leiden (1575), etab. Ameriketako lehenak Santo Domingo (1538), Lima (1551) eta Mexiko (1553) izan ziren; mende bat geroago Ipar Ameriketakoak sortzen hasi ziren, erakunde pribatu gisa: Harvard (1636), Yale (1701), Princeton (1736). Erreformaren ondoko bereizketak eta nazio modernoen sorrerak murriztu zuten unibertsitateen unibertsaltasuna –bakoitzak bere erlijioa eta nazioa aldezten zuela– eta haien arteko ikasle-irakasleen trukea amaitu zen. XVII. eta XVIII. mendeetan, oro har, unibertsitateak gainbehera handia izan zuen, Ilustrazioaren kritikaren helburu gertatu zelarik. XIX. mendean unibertsitateak garrantzia hartu zuen berriro, hiru eredu nagusiren arabera: unibertsitate frantsesa, alemana eta ingelesa. Napoleonek ezarritako hezkuntza ereduan, unibertsitatea zen maila gorena: guztiz hierarkizatua, zentralizatua eta estatuak kontrolatua, irakasleak funtzionario zirena eta funtzionariak eta profesionalak sortzea helburu zuena. Eredu hau, Frantziaz gain, Europako beste zenbait herrialdek jarraitu zuten, haien artean Espainiak. Berlingo unibertsitatea (1809) izan zen Alemaniakoaren eredu; autonomia handikoa eta ikerketan oinarritua, egindako lanagatik bere izen ona munduan zehar zabaldu zuena. Ingalaterran, Oxfordek eta Cambridgek autonomia gorde zuten eta herrialdeko agintari-zuzendarien klasea prestatzea zuten egizkizun nagusia, nahiz eta, Alemaniako unibertsitatearen eraginez, zientzia ikertzaileen prestakuntzan ere jardun zuten. Europan ez bezala, XIX. mendearen erdialdeaz geroztik, Estatu Batuetako unibertsitatea zenbait jardun praktikotara zabaldu zen –nekazaritza teknikak, merkataritza…– eta jende talde handiagoetara iritsi zen. XIX. mendean katedraren askatasuna funtsezko printzipio gisa garatu zen, hots, egia iristeko ahaleginetan ikasle-irakasleek kanpoko trabarik –ideologiko, politiko, erlijiozko– ez izateko eskubidea. XX. mendean, Europan elite batera zuzenduriko unibertsitatea izaeraz aldatu da eta aukera berdintasunaren ideal demokratikoak jende oste handiak bideratu ditu unibertsitatera, eta arazo berriak sortu dira: zerbitzuen urritasuna, tituludunen kopuru handia, irakaskuntza kalitatearen beheratzea.