Umbral, Francisco
Espainiar idazlea (Madril, 1935 - Madril, 2007). Kazetaritza ikasketak egin zituen, eta egunkarientzat artikuluak eta elkarrizketak eginez hasi zuen idazle karrera. Estilo pertsonal, eztabaidagarri batez, eta bere garaiko gizartearen kritika eginez sarritan, Espainiako egunkari nagusietan argitaratu zituen egunero bere idatziak. Bestalde, laurogeitik gora liburu idatzi zituen, genero desberdinetakoak. Subjektibotasuna, memoriaren presentzia, idazkera zorrotz distiratsua, eta hizkuntzaren etengabeko berrikuntza dira bere obra zabalaren ezaugarri nagusiak. Beste askoren artean, hauek ditu obra aipagarrienetako batzuk: eleberrietan, Memorias de un niño de derechas (1972, Eskuineko mutiko baten memoriak); Las ninfas (1976, Ninfak; Nadal Saria); La noche que llegué al café Gijón (1977, Gijon kafera iritsi nintzeneko gaua); biografien alorrean, Larra, anatomía de un dandi (1965, Larra, dandi baten anatomia); Lorca, poeta maldito (1968, Lorca, poeta madarikatu bat); Valle Inclán (1968); Ramón y las vanguardias (1978, Ramon eta abangoardiak); saiakeretan, Las palabras de la tribu (1994, Leinuaren hitzak); Diccionario de literatura (1995, Literatura hiztegia); Los botines blancos de piqué (1998, Pikezko bota zuriak; Valle-Inclánen obrari buruzkoa). 1998an Diario político sentimental (Eguneroko politiko sentimentala) aurkeztu zuen, egunkarietan idatzi dituen zutabeetan oinarrituta. Obra zabal horregatik guztiagatik, sari asko jaso zituen: 1996an Letretako Asturiasko Printzea Saria, 1997an Espainiako Letretako Sari Nazionala, eta 2000. urtean gaztelaniazko idazleen sari nagusia, Cervantes saria.
- umanzelorri
- Umar
- umarazi, umaraz, umarazten
- umatu, uma, umatzen
- umatze
- Umbral, Francisco
- Umbria
- Umdurman
- Ume Ålv
- ume
- Umeå