Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uharte Arakil

Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria (Iruñeko merindadea), Aralar eta Urbasa mendilerroen artean. Mugak: iparraldean, Aralar mendilerroa eta Larraun; ekialdean, Larraun, Irañeta eta Aldapeko partzuergoa; mendebalean, Ergoiena, Arruazu, Lakuntza eta Arbizu; hegoaldean, Ergoiena eta San Donato edo Beriain mendia (Andia mendilerroa). Garaiera, 471 m. 37,9 km2. 1999ko datuen arabera, 769 biztanle (uhartearrak). Herrigune hauek osatua da Uharte-Arakilgo udalerria: Amurgin, Zamartze, San Migel Excelsis (santutegia), eta Uharte-Arakil (herriburua). Arakil ibaiak igarotzen du udalerria. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 55. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Industria (altzairugintza, zurgintza, eraikuntza; langileen % 70) eta zerbitzuen alorra (garraiariak, dendariak, irakasleak; langileen % 20) dira ekonomia jarduera nagusiak. Garrantzitsua da, halaber, nekazaritzan diharduen langileen kopurua (bazkarako landareak, garia, garagarra, barazkiak, behi eta ardi azienda; langileen % 10). Aipagarriak dira udalerriaren eremuetan dauden Zamartzeko Ama Birjinaren XII. mendeko ermita erromanikoa, Aralarko San Migelgo santutegia, garai askotako ezaugarriak dituen XIV-XVIII. mendeetako San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza (gotiko-neoklasiko-barrokoa), Agiri, Mendikoa, Muztillano eta Argidoain jauregi zaharrak eta Arakil ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubia. v Historia. Uharte-Arakil erromatarren garaiko Aracelium edo Araceli bizilekuari dagokio, antza. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Hyarte, Hiarte, Hyarthe, Hyaharte, Yarte, Iharte nahiz Yharte izenez. 1355. urtean sortu zen Uharte-Arakilgo hiribildua, lehendik herri txiki bat bazen arren. Hara bildu ziren inguruko herri txikietako nekazariak. 1461. urtean Gaztelako erregeak hiribilduari eraso zion baina Uharte-Arakilgo biztanleek kartsuki gorde zuten beren plaza. 1484. urtean piztutako suteak erabat suntsitu zuen herria.