Uharte
Nafarroa erdialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Huarte-Uharte du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Esteribar eta Ezkabarte; ekialdean eta hegoaldean, Egues; mendebalean, Atarrabia. Garaiera, 441 m. 3,69 km2 ditu eta 2.676 biztanle (uhartearrak). Arga ibaiak iparralde hegoalde igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende bukaeran edo XX. mende hasieran galdu zen euskara. Euskaldunak eta ia-euskaldunak 431 dira egun. 1999ko datuen arabera, 2.809 biztanle. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Industria (janari industria, nekazaritzarako makineria, zurgintza, papergintza, eraikuntza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, eraikuntzarako gaiak; langileen % 59) da bertako jarduera nagusia. Garrantzizkoa da, halaber, zerbitzuen alorrean (dendariak, garraiariak, irakasleak, administrazioa) lan egiten duen langileen kopurua (langileen % 40). Aipagarriak dira XII. mendeko gazteluaren hondakinak, Arga ibaiaren gaineko lau zubi, XVIII. mendean zaharberritu zen euskal-gotiko tankerako San Joan Ebanjelistaren parrokia eliza barrokoa eta barruko Ama Birjina Zuriaren marmolezko irudi gotikoa, erretaula nagusi lehen-Errenazimentukoa eta alboko erretaula barrokoa, eta XVII-XVIII. mendeetako hainbat etxe armarridun. v Historia. XII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Uharteko herria. Bi abatetxe baziren bertan XV. mendean, San Joan eta San Eztebe. 1665. urtean bihurtu zen udalerri.