Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uganda

(Izen ofiziala, Ugandako Errepublika; Ing., Republic of Uganda; swahili hizkuntzaz, Jamhuri ya Uganda). Afrikako ekialdeko estatua, ekuatoreko lerroan. 241.040 km2 eta 31.367.972 biztanle (2008, ugandarrak). Mugak: iparraldean, Sudan; ekialdean, Kenya; hego-ekialdean, Victoria aintzira; hegoaldean, Tanzania eta Ruanda; mendebaldean, Zaire. Hiriburua: Kampala. Hizkuntza ofizialak: ingelesa eta swahilia. Etniak: gandak edo bugandak, % 17,8; tesoak, % 8,8; nkoleak, % 8,2; sogak, % 8,2; gisuak, % 7,2; txigak, % 6,8; langoak, % 6; ruandak, % 5,8; atxoliak, % 4,6; besteak, % 26,5. Erlijioak: katolikoa, % 49,6; protestantea, % 28,7; islama, % 6,6; besteak, % 26,5. Dirua: Ugandako txelina.  v  Orografia eta hidrografia. Afrikako erdialdeko goi-ordokiak hartzen du lurraldearen parterik handiena, mendiez eta ibarrez osatua. Mendebaleko muga Virunga eta Ruwenzori mendikateez eta Rift ibarraren parte batez osatua da. Ugandako Virunga mendikateak Muhavura sumendian du gailurra (4.127 m) eta Ruwenzoriko mendi garaiena Margarita da (5.109 m). Rift ibarrak Mobutu Sese Seko aintzira (Alberto aintzira ere deitua) eta Alberto Nilo ibaiaren ibarrak hartzen ditu. Sumendi jatorriko mendikate batek mugatzen du goi-ordokiaren ipar-ekialdearekin. Mendikate horretan Elgon mendia da garaiena (4.321 m). Lurraldeko hidrografia aintzira handi batzuen arabera egituratua dago: Victoria (69.485 km2, munduko hirugarrena zabalean), Mobutu Sese Seko eta Kyoga. Ibai nagusiak Victoria aintziran sortu eta, Kyoga aintziratik igaro ondoren, Mobutu Sese Seko aintziraraino doan Victoria Nilo ibaia, eta Mobutu Sese Seko aintziratik iparraldera doan Alberto Nilo ibaia dira.  v  Klima eta landaredia. Ekuatorearen lerroan izanagatik klima epela du Ugandak. Hozberoan alde txikia izaten da urtaro batetik bestera. Urtekoaren batez bestekoa 21-24 °C-koa izaten da, hego-mendebal hotzagoan izan ezik. Euri kopurua ere berdintsua izaten da urtean zehar, ekaineko eta uztaileko lehorraldian izan ezik, eta Victoriatik iparraldera urrituz doa. Landarediari dagokionez, sabanako basoa da zabalduena erdialdean eta iparraldean. Hegoaldean, berriz, lur sailak dira nagusi jatorrizko landarediaren ordez, tarteka zuhaiztiak eta belardiak baldin badira ere.  v  Biztanleak. Berrogei bat etniatako jendea bizi da Ugandan, bantu, nilotar eta nilo-hamitar hizkuntza familiatako hizkuntzak erabiltzen dituztenak. Bantua erabiltzen dute ganda, soga, nioro eta nkole herrietakoek, eta hizkuntza nilotarrak atxoli, lango eta karamojong herrietakoek. Nolanahi ere, hizkuntza zabalduena luganda da, eta ingelesa eta swahilia dira elkar ulertzeko erabilienak. Erlijioz gehienak kristauak dira. Jende gehiena ekialdean, hego-mendebaldean eta Victoria aintziraren ertzean bizi da. Biztanleen % 12 baino ez da hirietan bizi. Jaiotza eta heriotza tasak oso handiak dira. Ugandarren batez besteko bizi itxaropena oso-oso apala da: 42 urtekoa da gizonezkoentzat eta 43 urtekoa emakumezkoentzat.  v  Ekonomia. Herrialdearen gorabehera politikoek berez ahula den ekonomiaren garapena eragotzi dute, eta nazioarteko erakundeen laguntza behar-beharrezkoa du Ugandak aurrera egiteko. Nekazaritzak langileen % 90 eta esportazioen % 97 hartzen du, eta BPGren % 72 osatzen du. Hirietan oso jende gutxi bizi da, % 12,5 (1995). Kotoia, tea, tabakoa, azukre erremolatxa eta, batez ere, kafea dira lantzen diren gai nagusiak. Abere hazkuntzari dagokionez, 1993an bost milioi behi eta milioi bat ardi zeuden. Urte horretan bertan 219.000 tona arrain arrantzatu ziren. Elikagai nagusia banana da, artoaren aurretik. Kobrea da Ugandako mea baliabide nagusia, baina Kilembeko meatokia 1979an itxi zen. Industria lurraldeko lehengaiak eraldatzera bideratua da gehienbat: kafe, te eta tabako fabrikak, azukre findegia, haragi kontserba, zurgintza, larrugintza, kotoigintza, xaboigintza. Zementu fabrikak, ehundegiak eta altzairu eta kobre findegiak ere badira. Lantegi gehienak Jinjan eta Kampalan daude. Hala eta guztiz ere, lantegi gehienak zahartuta daude eta 1990. urtetik aurrera berrikuntza lanak egiten hasi ziren. Hotel berri asko eraiki dira garai batean garrantzizkoa zen turismoa indartzeko asmoz. Kanpoko merkataritza defizitarioa da guztiz. Harreman gehienak Kenya (inportazioen % 43), Britainia Handia, India, Alemania eta Italiarekin ditu. Yoweri Museveni presidentearen gobernua saiatu da Nazioarteko Diru Funtsaren aginduak betetzen, eta gutxitu du funtzionario eta soldadu kopurua. Hala inflazioa, 1980-1988 bitartean % 100era iritsi zena, 1995ean % 10era jaitsi zen, eta hazkunde tasa % 7ra iritsi zen. 2004an, adibidez, BPG 300 dolarrekoa zen, 1980ko hamarraldikoa baino askoz handiagoa, baina Saharaz hegoaldeko Afrikakoaren batez bestekoaren erdia zen oraindik.  v  Historia. XV. mendearen inguruan erreinuak eratu ziren gaur egungo Ugandako aintziren artean: Buganda, Bunyoro, Toro, Ankole eta Busoga. XVI. mendean Bunyorokoa zen erreinurik ahaltsuena, baina XVIII. mendearen bukaeran Victoria aintzira inguruko Bugandakoa Mobutu Sese Seko aintziraraino hedatu zen. Harrezkero Buganda izan zen ahaltsuena. 1840an arabiar merkatariak iritsi ziren boliaren eta esklaboen salerosketak erakarrita. XIX. mendearen bigarren erdian europar esploratzaileak (Speke 1862an eta Stanley 1875ean) eta misiolariak iritsi ziren. Mutesa I.a erregeak (1860-1884) harrera ona egin zien esploratzaileei eta kristau erlijioa zabal zezaten onartu misiolariei. Mutesa hil zenean haren seme Mwangak hartu zuen erregetza. Mwanga ordea kristauei eta kolonizatzaileei jazarri zitzaien eta hauek ezezik arabiarrak ere lurraldetik kanpora egotzi nahi izan zituen. Alderantziz ordea, arabiarrek egotzi zituzten kristauak eta Mwanga bera ere Bugandako erreinutik. Hala ere, britainiarrek lagundurik, Mwangak aginpidea eskuratu zuen berriz. 1889an Britainia Handiak eta Mwanga erregeak egin zuten hitzarmenaren arabera Buganda Afrikako Ekialdeko Britainiar Konpainiaren administraziopean geratu zen, eta 1894an protektoratutzat hartu zuten britainiarrek. 1896rako Ugandako beste erreinuetara eta lurraldeetara zabaldu zen britainiarren aginpidea. 1950ean sortu ziren lehen alderdi politikoak; alderdi horiek 1962ko martxoan autonomia eta urrian lurraldearen burujabetasun osoa lortu zuten. 1963an Ugandako Errepublika Federala onartu zen; Bugandako Mutesa II.a erregea lehendakari eta Milton Obote Lehen ministro izan ziren. Handik gutxira hasi ziren federazioa osatzen zuten estatuen arteko liskarrak. Bugandakoa zen nagusi. 1966an Obotek 1962ko konstituzioa indargabetu eta aginpide osoko lehendakari izendatu zuen bere burua. Mutesa Tanzaniara joan zen. Konstituzio berriak erreinuak ezabatu zituen. 1971n, ordea, estatu kolpe bat izan zen eta Idi Amin Dada jeneralak hartu zuen aginpide osoa. Obote Tanzanian babestu zen. Aminek konstituzioa eta Legebiltzarra indargabetu eta alderdi politikoak debekatu zituen, britainiar herritartasuna zuten 500.000 asiar egotzi zituen, eta errejimen guztiz ankerra bideratu zuen (80.000 pertsonatik gora hil zituen), herrialdea hondamendira eraman zuena. 1978an Tanzanian sartu zen, baina hurrengo urtean Tanzaniako gudarostea eta ugandar erbesteratuek Kampalaraino iristea lortu zuten. Idi Aminek alde egin behar izan zuen. Orduan Yusuf Lule eta Godfrey Binaisa aginpidea eskuratzen lehiatu ziren eta lehia horrek gerra zibila ekarri zuen. 1980ko abenduko hauteskundeetan, iruzurra eginez, Milton Obote atera zen garaile. Iruzurkeriaren kariaz Erresistentziako Gudaroste Nazionala gerrilla eratu zen, Yoweri Museveni-ren gidaritzapean. 1985ean Tito Okelo jeneralak estatu kolpea jo eta aginpidea eskuratu zuen. Estatu kolpeaz geroztik, Erresistentzia Nazionaleko Gudarosteak (NRA) borroka armatua indartu zuen, eta azkenik 1986ko urtarrilean hiriburua hartu zuen. Borroka odoltsu baten ondoren Okelo kargutik kendu zuten eta Yoweri Museveni, NRA-ko kidea, jarri zen presidente. Museveni-k Uganda berregin behar zuen, erregimen autoritarioek erabat suntsitu baitzuten herrialdea (milioi bat lagun hildako, bi milioi errefuxiatu, 600 mila zauritu). Ugandaren baliabideak urriak ziren, jaiotza tasa 6,9koa zen eta bizi itxaropena 51 urtekoa. Egoera larri horretaz gainera, kontuan hartu behar zen HIES eritasuna zutenen kopurua. Kanpoko zorra 1.200 milioi dolarrekoa zen 1987an. Egoera horri aurre egiteko, presidenteak truke hitzarmenak izenpetu nahi izan zituen Afrikako gainerako lurraldeekin. Hala, saiatu zen ekonomia independentea osatzen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aginduei ihes egiten. Baina horrek arazoak sortu zizkion mendebaldeko zenbait herrialderekin. 1992an udal hauteskundeak egin behar ziren, baina Obote presidente izanaren aldekoek hauteskundeei boikot egitea erabaki zuten. Aldi berean, Museveni presidenteak zenbait kazetari atxilotzea agindu zuen, giza eskubideen bortxaketa salatu baitzuten egunkarietan. Bestalde, gobernuak prentsa kontrolatzeko ahalmena ematen zion legea ezarri zuen. 1992an giza eskubideen zenbait erakundek Musevenik ez zuela alderdi aniztasunean oinarritutako demokrazia laguntzen salatu zuten. Gobernuak, berriz, tribuen egitura tradizionaletan oinarritutako demokrazia eraiki nahi zuela adierazi zuen. Baina oposizioaren eta nazioarteko zenbait erakunderen presioak behartuta, Museveni lehendakariak 1995ean osatuko zen Biltzar Konstituziogile bat hautatzeko baimena eman zuen; biltzar horrek konstituzio berri baterako proiektua prestatuko zuen. Hala ere, gobernuaren testua kritikatu egin zuten Alderdi Demokratikoak batetik, eta bestetik, Oboteren alderdiak (UPC), izan ere, alderdien legez kanpoko egoera zazpi urtez irautea aurreikusten baitzen testu hartan. 1993an Joan Paulo II.a Aita Santua Ugandan izan zen eta biztanleei gomendatu zien sexu harremanik ez izatea HIESari aurre egiteko; urte horretako azterketen arabera, biztanleen % 20 HIV birusaren eramaile zen. Buganda etniaren babesa lortzeko asmotan, Museveni presidenteak monarkia ezartzeko baimena eman zuen. 1993an Parisko Klubak 830 milioi dolarreko diru laguntza ematea erabaki zuen. Museveniren politika ekonomikoak hazkunde ekonomikoa % 5 igotzea ekarri zuen, baina ugandarren bizi maila ez zen hobetu, zergak itota bizi baitziren, eta esportazioen diru sarreren erdia baino gehiago kanpo zorra ordaintzeko behar zen. 1993an Amon Bazira oposizioko kidea hil izana leporatu zioten presidenteari. 1994ko hauteskundeetan presidentearen aldekoek botoen erdia besterik ez zuten lortu, baina zenbait biltzarkide zuzenean izendatu ondoren, Musevenik biltzarrean gehiengoa izan zuen berriz ere. 1996an hauteskundeak egin ziren, eta Museveni hautatu zuten berriz ere presidente botoen % 75ekin. Musevenik hartu zituen ekonomia neurriei esker, Ugandako ekonomiak nabarmen egin zuen gorantz, baina hala eta guztiz ere ugandarren erdia pobretasun mailaren behetik bizi zen 1998an. 1986 ezkero, gatazka odoltsu batek urratzen du Uganda. LRA (Jainkoaren Erresistentzia Armada) taldea gobernuaren aurka ari da. Ugandako iparraldean ditu talde horrek baseak eta Bibliako Hamar Aginduetan oinarritutako erregimen bat ezarri nahi du, indarrez. Horretarako, jendea hil, bortxatu eta mutilatzen dute, eta umeak bahitu eta soldadu bihurtzen ditu. 1,6 milioi ugandarren ihesaldia eragin du. Bestalde, Yoweri Museveni berriz aukeratu zuten lehendakari 2006an, eta bera dago gaur egun ere agintean.
http://www.statehouse.go.ug/