uakari
iz. Zool. Zebidoen familiako zenbait tximino isats-laburren izena. Neurriz txiki samarrak dira, 51-57 cm luze. Aurpegia eta buruaren aurreko aldea ilegabeak dituzte; lepoaldea ere ile gutxikoa. Amazonas ibaiaren erdialdeko eskualdeetan bizi dira. Uakari motarik ezagunenak hauek dira: uakari buru-beltza (Cacajao melanocephalus), ile marroixka eta aurpegiko azala beltza duena; uakari aurpegi-gorria (C. rubicundus), ile marroixka eta aurpegi gorria duena; eta uakari zuria (C. calvus), ile zuria edo zilar-kolorea eta aurpegi gorrixka duena.