Tyson, Mike
Estatubatuar boxeolaria (New York, 1966). Hogei urte zituela munduko txapelketa garaitu zuen, eta 1980ko hamarraldiaren bukaeran boxeoko izarra izan zen. 1986an hogeita zortzigarren garaipena lortu zuen Las Vegas-en, Trevor Berbick kanadarra KO utzi zuenean. Munduko pisu astuneko txapeldun gazteena bihurtu zen horrela. 1987an Tony Tucker estatubatuarra garaitu zuenean munduko boxeoa zuzentzen zuten hiru erakundeek, WBA, WBC, IBF-k alegia, txapeldun zela onartu zuten. 1988an Larry Holmes garaitu zuen, besteak beste, eta bazirudien Tyson-ek ez zuela kontrakorik. Baina 1990ean, ez zen oso ondo prestatu Tokion aritzeko eta James Buster Douglas-ek KO utzi zuen Tyson. Hala, galdu egin zituen bere tituluak. 1992an emakume bat bortxatu nahiaz salatu zuten, eta sei urteko espetxe zigorra eman zioten. 1995ean jokabide zintzoa izateagatik libre utzi zuten. Islam-ari lotu zitzaion, eta helburu bakar bat zuen buruan: pisu astuneko titulua berreskuratzea. 1996an WBC-ek munduko txapelduntzat hartu zuen Frank Bruno britainiarra garaitu zuenean. Urte horretan bertan, Evander Holyfield-en kontra borrokatu zuen eta azken horrek garaitu zuen. Handik urtebetera mendekua hartzeko aukera izan zuen; Tysonek belarriak txiki-txiki egin zizkion Holyfield-i eta deskalifikatu egin zuten. Urte eta erdiz ezin izan zuen borrokatu, eta 1999an itzuli zen boxeoaren mundura. Baina urte horretan bertan, espetxera bidali zuten bigarrenez auto istripu bat eragin zuen borroka batengatik. Handik sei hilabetera kaleratu zuten. Mike Tyson behin baino gehiagotan saiatu bada ere munduko txapeldun izaten, espetxetik irten denetik ez garaipenik lortu.