Txuri-Urdin IHT
1972. urtean Donostian sortutako izotz-hockeyko taldea, Donostiako Izotz Jauregiaren eraikuntzarekin batera sortua. Nahiz eta lehendabiziko urtean Real Sociedad izenarekin aritu, 1973an zuri-Urdin izena hartu zuen. Afizionatu taldea izanik, bertako jokalariez hornitu izan da, nahiz eta azken denboraldietan atzerriko jokalariak ekartzen hasi, taldea indartu eta goi mailara eramateko asmoz. Emaitza bikainak lortu ditu taldeak: jokatu dituen 29 Liga txapelketetatik 13 irabazi ditu, eta baita 9 Kopa ere. Europan zazpi denboralditan jokatu du, nahiz eta titulurik irabazi ez. 1999-2000 denboraldian Espainiako Liga eta Kopa txapelketak irabazi zituen, eta, bide batez, 2000-2001 denboraldian Europa mailako Kopa Kontinentalean lehiatzeko txartela eskuratu zuen. Izotz Jauregiaren zaharberritzearen ondorioz bi urtez etxetik kanpo entrenatu eta jokatu ondoren –Necso zuri-Urdin izenaz dihardu azken urteetan–, 2000-2001 denboraldian itzuli zen talde donostiarra bere jatorrizko egoitzara. Nagusia senior mailako taldea bada ere, guztira sei talde ditu beste horrenbeste kategoriatan.