Txung, Myun-whun
Korear pianista eta orkestra zuzendaria (Seul, 1953). Hego Korean jaioa den arren, Estatu Batuetako Juilliard Musika Eskola ospetsuan egin zituen piano eta orkestra zuzendaritzako ikasketak. 1974an, Moskuko Txaikovski piano lehiaketako bigarren saria irabazi zuen. Bi arrebarekin batera (bata biolin-jotzailea eta txelo-jotzailea bestea, biak ospetsuak), hirukotean jo izan du, Txung bera pianoan. 1978tik 1981era, Los Angeleseko Orkestra Filarmonikoko zuzendari laguntzailea izan zen, Carlo Maria Giuliniren aginduetara. Alemaniako Saarland Radio Orchestrako musika zuzendaria izan zen gero, eta baita Florentziako Teatro Communaleko zuzendari gonbidatua ere. 1989an, Florentziako Toscanini saria eman zioten, eta urte berean, Parisko Bastilleko Operako zuzendaritzan Daniel Barenboim ordezkatzeko izendatu zuten. Handik hilabete gutxira, Frantziako Iraultzaren berrehungarren urteurreneko ospakizunetan, orkestra zuzendari izan zen eta oso kritika onak jaso zituen, bai entzuleen eta adituen aldetik, bai musikarien aldetik.