Txaikovski, Piotr
Errusiar musikagile eta orkestra zuzendaria (Votkinsk, 1840 - San Petersburgo, 1893). 1863. urtean San Petersburgoko kontserbatorioan sartu zen eta A. Rubinsteinen konposizio ikasle izan zen. 1866. urtean Moskuko kontserbatorio berriko armonia irakasle izan zen. 1874-1877 urteetan pianorako lehen kontzertua idatzi zuen eta Beltxargen aintzira ballet ezaguna. Txaikovski Bosten Taldeko belaunaldi berekoa bazen ere, ez zuen taldearekin bat egin. Musika abertzalearen gainetik, klasikoak miresten zituen, batez ere Mozart, eta bere musika moldea XIX. mendeko europar musikaren joeran sartzen da bete-betean. A. Rubinsteinekin batera, atzerakoitzat jo zuten Balakireven inguruan biltzen zirenek. Hala ere, Txaikovskik herri abestiak eta errusiar abertzaletasunaren alderdiak erabili zituen bere musikagintzan. 1877. urtean geroago bere mezenas izan zen Nadeia von Meck alargun aberats eta jantzia ezagutu zuen. Hamar urte geroago, 1887. urtean, orkestra zuzendari gisa kontzertu ugari eman zituen lehendabizi Europan eta ondoren Estatu Batuetan, eta aukera ezin hobea izan zuen bere lanak aurkezteko eta arrakasta handia lortzeko. Txaikovskik musika genero guztiak landu zituen, baina sinfonia egile gisa da batez ere ezaguna. Txaikovskiren lan nagusiak dira: operak: Oprichnik (1970-1872), Eugene Onegin (1877-1878), Pikovaya Dama (1890), Yolanta (1891), balletak: Beltxargen aintzira (1875-1876), Loti ederra (1888-1889), Intxaur kraskailua (1891-1892); 6 sinfonia, horien artean seigarrena edo Patetika; obertura sinfonikoak: Ekaitza (1873), Riminiko Francesca ( 1876), Manfred sinfonia (1885), Hamlet (1888), Romeo eta Julieta (1869); kamerako musika: harizko tresnetarako hiru kuarteto; hiru kontzertu pianorako; kontzertu bat biolinerako, eta beste bat biolin eta orkestrarako; pianorako lan ugari; korurako musika eta 100 doinutik gora.
- txadar
- txador
- Txagorritxu
- txahal
- txahalki
- Txaikovski, Piotr
- txaiote
- txairo
- txairotasun
- txaja
- txakal