Txad
Saharako hegoaldeko aintzira handia, Txad Errepublikaren mendebalean, Kamerun, Nigeria eta Niger estatuen mugetan. Haren zabalera 10.000-257.000 km2 artekoa da, euri errejimenaren arabera. Antzinakon askoz hedadura handiagoa zuen, benetako barne itsasoa moldatzen baitzuen (300.000 km2 Laugarren Aroan). Hara isurtzen diren ibai nagusiak: Chari eta honen adarra den Logone, Bahr-Salamat eta Komadugu Yobe. Batez besteko sakonera 2 m ingurukoa da, 4-5 m ibaien ahoan, eta gehienez 7 m irits dezake. Iparraldea duna eskualdea da, hegoaldea –Chari ibaiaren ertzetan– baso trinkoa delarik. Arrantza ugaria da. Ipar ekialdeko uharteak (2 edo 3 m urez gain) behiak alatzeko erabiltzen dira. Bestalde, aintziraren ertzetan artoa eta garia egiten da. Gatza ere biltzen da.