Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txad

(Izen ofiziala, Txadeko Errepublika; Fr., République du Tchad). Afrikako erdialdeko estatua. 1.284.000 km2 eta 10.111.337 biztanle (2008, txadarrak). Mugak: iparraldean, Libia; ekialdean, Sudan; hegoaldean, Afrika Erdiko errepublika; hego-mendebaldean, Kamerun; mendebaldean, Nigeria eta Niger. Hiriburua: N’Djamena (721.000 biztanle, 2005, n'djamenarrak). Hizkuntza: arabiera (ofiziala), frantsesa (ofiziala), sara eta sango (hegoaldean), eta beste 100 hizkuntza eta dialektotik gora. Etniak: musulmanak (arabiarrak, tubuak, hadjeraiak, fulbeak, kotokoak, kanenbuak, bagirmiak, bulalak, zaghawak, eta mabak), ez musulmanak (sarak (% 30), ngambayeak, mbayeak, goulayeak, moundangak, mousseiak, massak), frantsesak eta beste. Erlijioa: musulmanak % 50, afrikar tradizioko erlijioak % 27, kristauak % 23. Dirua: CFA frankoa. ■ Lurraldea. Lurraldea basamortua da iparraldean (Saharak lurraldearen % 40 hartzen du). Han, Tibesti sumendi handia nabarmentzen da. Erdialdeko eskualdea (Sahel) trantsizio sabana da, eta larrez larreko artzaintza egiten da, Txad aintziraraino. Txad aintzira sakontasun gutxiko zingira handia da, antzinako itsaso baten aztarna. Aintziraren arroaren erdia Txadeko lurraldean dago, eta Lagone eta Txari ibaietatik hartzen du ur gehiena. Ibai horien bazterrak, ur goraldietan ongarrituak, herrialdeko lur hoberenak eta jendeztatuenak dira. Txad Frantziaren kolonia izan zen garaian, inguru horretara bildu zen jarduera ekonomiko guztia. Esportatzeko gai nagusia kotoia da, baina nekazaritza gehiena bizibidea ateratzeko egiten da, eta lehorteen mendean dago. Azkeneko urteetan, mea balibideek (uranioa, tungstenoa, petrolioa) transnazionalen arreta erakarri dute. Basamortuaren zabaltzeak eta maizko lehorteek bizitzako alderdi guztietan dute eragina. ■ Biztanleak. Txadek biztanle gutxi ditu hain lurralde zabala izateko: 7,2 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Bestalde, inguruko herrialdeetako demografia ezaugarri berak ditu: hazkunde handia (% 2,3 urtean), bizi itxaropen txikia (47 urtekoa), eta alfabetizazio maila txikia (% 40). Txaden bizi diren etnia ugariak bi talde nagusitan bereiz daitezke: musulmanak eta ez musulmanak. Musulmanak iparraldean eta ekialdean bizi dira, eta ez musulmanak –kristauak eta animistak– hegoaldean. Txadeko etnia talde nagusia, baina, sara herria da. Sarak hego-mendebaldean bizi dira, Txari ibiaiaren inguruan; biztanleria osoaren % 30 dira eta lurraldearen zati txiki bat hartzen dute; hori da, hain zuzen, Txadeko inguru jendeztatuena. Txadeko kulturak biztanle beltzen herentzia etnikoa islatzen du, baina islamaren eta frantsesen eragina ere nabarmena da. Biztanleriaren % 21 inguru hirietan bizi da eta % 6 nomadak dira. Hiriburuak, N'Djamenak, bost milioi biztanle baino gehiago ditu. Burujabetasunaz gero, hiria izugarri handitu da, estatu berriaren ekonomiaren, politikaren eta kulturaren erdigune bihurtu baita; herrialdearen hego-mendebaldean dago, Kamerungo mugatik gertu. Hiriburuaz gainera, Sarh (104.831 biztanle), Mundu (282.000 biztanle) eta Abetxe (187.000 biztanle) dira hiri nagusiak. Txadeko hizkuntza ofizialak arabiera eta frantsesa dira, baina horiez gainera 100 hizkuntza eta dialekto baino gehiago erabiltzen dira, etnia ugaritasunak hizkuntza ugaritasuna baitakar. ■ Ekonomia. Txadeko ekonomia lehen sektorean oinarritzen da (biztanle aktiboen % 80), eta batez ere produktu batean: kotoia. Frantses kolonoek sartu zuten kotoia herrialdean, XX. mendearen hasieran, eta hirien eta industriaren garapena ekarri zuen. Kotoiaz gainera, kakahuetea eta azukre kanabera ere esportatzeko lantzen dira. Bizibiderako lantzen diren gaien artean, arroza eta mandioka dira zabalduenak. Abeltzaintzak garrantzi handiagoa du iparraldean hegoaldean baino, eta aintziran eta ibaietan arrantza egiten da. Dena dela, bi jarduera horiek ez dute pisu handirik nazioaren ekonomian. Dagoen industria apurra nekazaritzako eta abeltzaintzako gaiak eraldatzekoa da. Lantegi gehienak hiriburuan daude. Aintziraren inguruan gatza eta sosa ateratzen dira, eta petrolio, tungsteno eta uranio hobiak aurkitu dira, baina ustiatzen hasi berriak dira oraindik. ■ Historia. Neolitoan Txadeko iparraldean bizi izan ziren gizataldeen ondorengoak lurralde oparoagoetara aldatu ziren, eskualde horiek lehortzean (K.a. 2500. urtea aldean). Tubu herrikoak bakarrik geratu ziren Txadeko iparraldean (Tibesti). K.o. I-V. mende bitartean, berriz, berebereak sartu ziren eta Txad aintziraren inguruetara hedatu ziren. Horien gizarte antolaketa, islamera bihurtu zirenez gero batez ere, oso zentralista izan zen. Txadeko hegoaldeko gizarte antolaketa berriz, leinuka eratua zen. Txad aintziraren iparraldean, XI. mendean, Kanem erresuma sortu zen, muga eta antolaketa nahiko zehatzak zituena. Garai berean hegoaldean zen gizarte antolaketarik sendoena Buguirmiko erresuma zen, neurri handi batean esklabo salerosketarako eratua zegoena. Kanem erresuma hegoaldeko eskualdeetara zabalduz eta horietako erresumak mende hartuz joan zen. Hala ere, gizarte horiei egitura bateraturik ez zien ezarri ahal izan. Frantziarrak sartu zirenean, Txad aintziraren inguruan lehenik, (XIX. mendearen bukaeran), sultan herritan banatuak zeuden eskualde horiek. Beren artean konponezin handiak zituztenez, frantziarrek ez zuten sultan herri batzuek bereganatzeko eragozpenik izan. Hala ere, ez zuten lurralde osoa 1920 arte kolonia bihurtu. Konkistatu ahala leinu antolaketa aldatzen saiatu ziren, militarrak administrazioko buru jarriz, lekuan lekuko buruzagiei administrazioan bigarren mailako karguak emanez eta ekonomia eta merkataritza beren probetxurako antolatuz. Benetako kargu politikoak (diputatuak, etab.) hautatu ahal izatea 1946an lortu zuten Frantziako kolonietako biztanleek. Eskubide horren eraginez, Txaden ere, kolonietako beste lurraldeetan bezala, alderdi politikoak sortzen hasi ziren: Parti Progresiste Tchadien (PTT), Rassemblement Démocratique Africain, (RDA), Union Démocratique Tchadienne (UDT). Frantziako 1958ko konstituzioaren arabera, Txadek ere burujabe izateko eskubidea zuen, eta txadtarren % 98ak baiezkoa eman zionez, errepublika autonomo bihurtu zen urte horretan. Baina txadtarren arteko tirabirak gehitu ziren horretaz; lau gobernu izan ziren 1958ko abendutik 1959ko martxora bitartean. Urte horretan François Tombalbaye hautatu zuten lehen ministro. Hilabete batzuk geroago Frantziako legebiltzarrak eta senatuak kolonietako herriei burujabetasuna ematea erabaki zuten. Frantzia Txadez jabetu zenean, kolonizatzaileek kotoia sartu zuten. Nekazari bakoitzari lur zati bat ematen zioten kotoi kopuru jakin bat ekoizteko, gero frantsesek salerosteko. Txadarren oinarrizko nekazaritza handizkako produkzio bilakatu zen indarrez. Ekonomia tradizionala desagertzeak gosea ekarri zuen; kotoia gehiegi zegoen, eta oinarrizko elikagaiak gutxiegi. Frantziak Txaden independentzia onartu zuenean, 1960an, hegoaldeko buruzagiek hartu zuten agintaritza. Lehenengo lehendakariak, François Tombalbaye-k, ezin izan zuen mugak konkistatzaileen nahierara jarrita zeuden herrialde horren batasuna lortu. Garai hartan, 1966an, tirabira sozial gero eta handiagoen eta hegoaldeko nekazarien matxinaden ondorioz –nekazariak kotoiaren esportazioaren monopolio frantsearen (Cotonfran) kontra matxinatu ziren–, Txadeko Nazioaren Askapenerako Frontea (FROLINAT) sortu zen. FROLINATen oinarri politiko nagusia iparraldeko herriak ziren. 1970ean, FROLINATek herrialdearen bi heren kontrolatzen zituen, eta 1972an hiriburua inguratzen hasi zen. Tombalbaye 1975ean hil zen, Frantziak gidaturiko estatu kolpe batean, eta Félix Malloum-ek hartu zuen haren lekua. Gerrillaren ekintzak ez ziren eten, baina Frontea taldeetan bereizten hasi zen, eta Frantzia zatikatze horretaz baliatzen hasi zen. Frantziak Hissène Habré-ri lagundu zion, FROLINATeko buru Goukouni Oueddei-ri aurre egiteko. Azken honek Libiako gobernuaren laguntza zuen. Habré Iparraldeko Indar Armatuetako buru zen, eta Oueddei Herri Indar Armatuena. 1977an, Frantziak 3.000 soldau eta gerra hegazkinak bidali zituen. Frantziako gobernuak adierazi zuen bere gudarosteak ez zuela esku hartuko FROLINAT barruko bi talde armatu horien arteko guduetan. Aldi berean, Malloum-en gobernuak Lehen ministro izendatu zuen Habré. 1979an, FROLINATeko 11 talde nagusiak Nazio Batasunerako Behin Behineko Gobernu batean elkartu ziren, Frantziaren gogoaren kontra. Habré Defentsa ministro izendatu zuten. Frantziak interes estrategikoak zituen Txaden –60ko hamarraldian aurkitutako uranioa eta petrolioa bereziki– eta horiek defendatu nahi zituen. 1980ko martxoan, Habrék bere karguaren dimisoa eman zuen, ituna hautsi zuen, eta gerra zibila abiarazi zuen, hegoaldea menderatuta. Behin Behineko Gobernua hiru taldetan banatu zen. 1980ko maiatzean, Oueddeik, Herri Indar Armatuen buruak, Libiako 2.000 soldaduren laguntza jaso zuen. Habrék hiriburua bonbardatu zuen eta 100.000 pertsona inguruk ihes egin zuen beste herrialde batzuetara. 1980ko urrian, Afrikako Batasunaren Aldeko Organizazioaren (OUA) bitartekaritzak porrot egin ondoren, Libiako gudarosteak hiriburura iritsi ziren. Abenduan, Habré Kamerunera joan zen ihes. Frantziak Libiaren espansionismoa salatu zuen, eta Estatu Batuen, Egipto, Sudan eta Afrikako beste herrialde batzuen laguntza izan zuen, Libiako lehendakari Gaddafiren proiektua Saheleko herri islamiar pobreetara, Sahara hegoaldera, zabalduko ote zen beldurrez. Habré ustelkeriaz akusatu zuten, baina Libiatik jaso zuen laguntza zela-eta, Frantziak Oueddeiren aliatuak zatitzea lortu zuen. 1981eko apirilean, Habré eta bere jarraitzaileak berriro hasi ziren Sudanen prestatzen. Uztailean, Nairobin, OUAk Txadera bake gudarosteak bidaltzea erabaki zuen, Frantziaren eta Afrikako sei herrialdeetako gudarosteen laguntzarekin. Baina Behin Behineko Gobernuaren barruko tirabirak areagotzea besterik ez zen lortu. Azaroan, Oueddeik bere gudarosteak erretiratzeko eskatu ziton Gaddafiri. 1982ko ekainean, Habréren gudarosteek Oueddeirenak menderatu zituzten, eta Oueddeik, erbestean, Nazioaren Salbaziorako Behin Behineko Gobernua antolatu zuen, Habréren aurka borrokatu ziren 11 talde haietako zortziren laguntzarekin. Berriz ere herrialdea bitan banatu zen: iparraldeak –Nazioaren Askapenerako Batzorde baten mendean– Libiaren laguntza zuen, eta hegoaldeak –Habré-ren mendean– Frantziako gudarostearena. Gerra zibilaren fase horren amaieran, herrialdea hondamendian zegoen. Hiriburuan 40.000 biztanle besterik ez ziren bizi, eta enpresen erdiak itxita zeuden. Hirietatik kanpo, 2.000 putzu eta ur dorre guztiak suntitsuta zeuden. Osasun eta hezkuntza sistemen azpiegiturarik ia ez zegoen. Gainera, lehorte handia izan zen, eta Estatu Batuen eta Frantziaren laguntza gorabehera, nekazarien protestak eta matxinadak izan ziren hegoaldean. Errepresioa zela eta, 25.000 txadar mugaz bestaldera joan ziren babes bila, Afrikako Erdiko Errepublikara. 1987an, hegoaldeko indarrek, Frantziaren laguntzarekin, Fada, Faya Largeau eta Auozou-ko lur zerrenda –Libiako mugan– hartu zuten. 1989an, Txadek eta Libiak, Auzouko lurraldeari buruzko auzia konpondu nahiz, presoak itzultzea eta lurraldeari buruzko auzia Hagako Nazioarteko Auzitegian aurkeztea hitzartu zuten. 1990ean, Idriss Déby-k, Salbaziorako Higikunde Abertzalearen buruzagiak, Habré menderatu zuen hiru hilabeteko guduen ondoren, Frantziaren laguntzaz. Habré-ren agintaldian 40.000 pertsona inguru hilarazi edo desagerrarazi zituztela uste da. Habré Senegalen babestu zen, eta beste matxinada baterako prestatzen hasi zen. Lehendakari ohiaren aldeko 5.000 matxinatu N'Guimi eskualdean bildu ziren, Txad aintziraren ondoan, eta handik zenbait eraso jo zituzten. 1992an, gobernuaren gudarosteek Habréren aldeko 400 soldadu hil zituzten eta beste 100 atxilotu. 1993an, Débyk Txad “demokratizatzeko” konferentzia nazional bat inauguratu zuen. Konferenzian oposizioko 40 bat talde, beste 20 erakunde eta matxinatutako sei talde armaturen ordezkariak parte hartu zuten. Adoum Maurice El-Bongo izendatu zuten konferentziako lehendakari. Honek epaimahai berezi bat izendatu zuen Habré epaitzeko, eta Fidèle Moungar hautatu zuen Lehen ministro trantsizio aldirako. 1994ko otsailean, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak Aouzouko lur zerrenda Txadi zegokiola erabaki zuen. Maiatzean, Libiak ofizialki itzuli zion lur zerrenda hura Txadi. Zenbait atzerapenen ondoren, 1996ko ekainean eta uztailean, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren, eta Déby atera zen garaile, botoen % 69 eskuratuta. Adiskidetze urtea izan zen hura. Urtarrilean, gerrilla talde batek armak utzi eta alderdi politiko bihurtu zen, gobernuaren onespenarekin. Martxoan, Gabonen, beste zenbait taldek bake hitzarmenak egin zituzten gobernuarekin, eta abuztuan, Débyk itun bat egin zuen hegoaldeko indar armatuekin errepublika federala sortzeko. 1997an, egoera nahastu egin zen ostera. Amnesty International taldeak jakinarazi zuenez, urte haren bukaeran gutxienez 80 pertsona hil ziren indar matxinatuen eta gobernuaren gudarostearen arteko borroketan, herrialdearen hegoaldean. MDJT gerrilla gogor borrokatu zen 1998.az geroztik gobernuaren aurka. 2001eko hauteskundeak Débyk irabazi zituen berriz ere; oposizioko hautagaiek iruzurra salatu zuten, baina nazioarteko begiraleek aintzat hartu zituzten emaitzak. 2002ko otsailean MDJTk eta gobernuak bake hitzarmen bat sinatu zuten, baina maitzean hautsi zuten hitzarmena. 2003an, gobernuak bake hitzarmen bat egin zuen ERN gerrilarrekin. 2003ko abenduan, MDJTk eta gobernuak beste bake hitzarmen bat sinatu zuten. 2005ean erreferendum bat egin zen konstituzioa aldatzeko, hala Déby lehendakaritzarako hautagai aurkeztu ahal izan zedin. 2006an, indar errebeldeak hiriburu ingurura iritsi ziren. 2006ko maiatzean, herrialdea banatuta zegoelarik, hauteskunde deialdia egin zen, baina oposizioak boikota egin zien. 2007an, Sudanek eta Txadek NBEk kontrolatutako segurtasun eremu bat ezarri zuten Darfurreko eskualdean.
http://www.primature-tchad.org/