Trumbo, Dalton
Estatu Batuetako idazlea, gidoigilea eta zinemagilea (Montrose, Colorado, 1905 - Los Angeles, 1976). 1935etik 1947ra arrakasta handiko film gidoiak idatzi zituen: Kitty Foyle (1940), A Guy Named Joe (1943, Joe izeneko mutil bat), Thirty Seconds Over Tokyo (1944, Hogeita hamar segundo Tokio gainean). 1947an Joseph McCarthy senatariak eragindako sorgin-ehiza zela eta hamar hilabete eman zituen kartzelan eta hamar urtetan ezin izan zuen filmik sinatu eta ezizenak erabili behar izan zituen lan egin ahal izateko; aipagarria da 1956an ezizen horietako batekin, Robert Rich, Oscar saria jaso izana The Brave One filmaren gidoiagatik. 1960etik aurrera eta Kirk Douglas eta Otto Preminger-i esker gidoiak bere izenarekin izenpetu ahal izan zituen berriro ere. 1970ean bere film bakarra zuzendu zuen, bere eleberri batean oinarritua, Johnny Got His Gun (Johnnyk bere fusila hartu zuen), gerraren aurkako film gogorra, arrakasta handia izan zuena. Beste film batzuk: Spartacus (1960), Exodus (1960), The Last Sunset (1961, Azken arratsa), The Sand-piper (1965), Papillon (1973).
- trukatzaile
- trukatze
- truke
- trukes
- Truman, Harry S
- Trumbo, Dalton
- trumilka
- trumoi
- trumoitsu
- trumonada
- trumonira