Truman, Harry S
Estatu Batuetako politikaria eta Estatu Batuetako 33. lehendakaria (Lamar, Missouri, 1884 - Kansas City, Missouri, 1972). Lehen Mundu Gerran kapitaina izan zen Estatu Batuek Europara bidalitako gudarostean. 1920. lehen urteetan Alderdi Demokratan sartu zen. 1934an, eta 1940an berriro, senatari hautatu zuten. 1944an F. D. Roosvelt-en lehendakariorde hautatu zuten eta lehendakaria hil zenean (1945eko apirila), lehendakaritza eskuratu zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitu zuen, bonba atomikoak Japonian jaurtikitzeko ordena eman zuelarik (Hiroshima, 1945eko abuztuaren 6a; Nagasaki, 1945eko abuztuaren 9a). Barne politikan, funtsean, Roosvelt-en New Deal politika jarraitu nahi izan zuen, baina Kongresuan nagusi ziren errepublikarrak aurka izan zituen horretan. Kanpoaldean Sobietar Batasunarekiko tentsio geroz handiagoak gerra hotza ekarri zuen. 1947an Europa mendebaleko herrialdeentzako laguntza ekonomikoa abiarazi zuen (Marshall plana). 1948an lehendakari hautatu zuten berriro. 1949an Truman-en ekimenez, Europa komunismoaren erasoetatik babestea helburu zuen NATO erakundea sortu zen. Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko gatazka zela eta (1950), gudarostea bidali zuen hara MacArthur jeneralaren agintaritzapean; hark, ordea, Txinan bonba atomikak jaurtikitzea proposatu ziolarik, buruzagitzatik kendu zuen. D. Eisenhower jarraitu zitzaion lehendakaritzan (1952).