Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trondheim

(Antzina Nidaros) Norvegiako mendebaleko hiria eta portua, Sør-Trøndelag probintziako hiriburua, Trondheim fiordoaren ertzean. 138.126 biztanle (Norvegiako hirugarren hiria). Arrantza, merkataritza eta bidaiari portua. Nazioarteko aireportua. Merkataritza eta industria (ontziolak, janari industria, zurgintza, papergintza, larrugintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira katedral gotikoa eta XVII. mendeko Kristiansten-en gotorlekua. v Historia. 997. urtean Olav I.ak sortu zuen hiria (Nidaros), eta Norvegiako hiriburu izan zen XIV. mendea arte. 1152. urtean artzapezpikutegi bihurtu zen eta Erreforma garaia arte Norvegiako hiri nagusia izan zen. Erreformaz geroztik Trondheim izena hartu zuen. 1658. urteko Roskilde-ko hitzarmenaren ondorioz Suediaren mende geratu zen, eta 1660. urteko Kopenhageko itunaz, Danimarkaren administraziopean. Suediako Karlos VII.ak berreskuratu zuen (1718) eta 1930-1931 urteetan Nidaros izena hartu zuen berriro ere. Alemaniarrek konkistatu zuten 1940an eta alemaniar itsas armadaren base bihurtu zuten.