triku
iz. Sin. kirikino, sagarroi. Ugaztun intsektujalea, gorputzaren gaina eta alboak arantzez beteak dituena (Erinaceus sp.). v Zool. Erinazeidoen familiako zenbait ugaztun intsektujaleren izena. Europan, Asian eta Afrikan bizi dira. 15 mota ezagutzen dira. Oso antzekoak dira denak eta bizitzeko era bertsua dute. 25 cm inguru luze izaten dira. Gorputzaren gaineko aldea eta alborakoak arantzez estaliak dituzte, eta azpiko aldea, hankak eta atzaparrak berriz ile gogor latz samarrez beteak. Belarriak, isatsa eta zangoak laburrak dituzte, eta muturra kono egiturakoa, luzea. Animalia gau zaleak dira; iluntzen duenean ateratzen dira janari bila. Barakuiluak, bareak, intsektuak eta harrak jaten dituzte batez ere, baina baita txoriak eta sugeak ere. v Triku arrunta (Erinaceus europæus). Europan eta Asian bizi dena, eta arantzak eta ilea arre grisaxkak dituena. v Afrikako trikua (Atelerix albiventrix). Maroko eta Libiatik Angolara bitarteko lurraldeetan bizi dena, arantzak zuri marroiak eta azpiko ilea zuria dituena.