Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

torio

iz. Kim. Aktinidoen taldeko gai bakuna (Th; at.-z. 90; at.-m. 232,08). Berzelius-ek aurkitu zuen 1829an torita mineralean. Metal bigun, harikor eta xaflakorra da; pisu espezifikoa 11,7 g/cm3 du eta 1.827° C-an urtzen da. Isotopo asko ditu, baina egonkorrena torio-232 isotopo erradioaktiboa da; honen erdidesintegrazio periodoa 1,39.1010 urtetakoa da, eta desintegrazio horren ondorioz berun-208 isotopoa lortzen da. Oxigenoarekin, hidrogenoarekin eta halogenoekin oso tenperatura beroetan erreakzionatzen du, eta azido klorhidrikoak erasotzen du. Hondar monazitikoak lehengai gisa erabiliz lortzen da industrian. Konposatu lau balentziadunak eratzen ditu: torio bioxidoa (ThO2), torio tetrakloruroa (ThCl4) eta torio sulfatoa [Th(SO4)2] besteak beste. Hodi elektronikoetarako harizpiak prestatzeko eta energia nuklearraren iturri gisa erabiltzen da.