Torga, Miguel
Portugaldar idazlea (1907-1995). Medikuntzako ikasketak egin zituen. Presença literatura aldizkariaren inguruan sortu zen higikundean ibili zen hasieratik, baina gero higikunde hartatik bereizi eta Sinal eta Manifesto aldizkarien zuzendari izan zen. Aurrerago, literatura talde orotatik bereizita, oso ibilbide pertsonala ibili zuen poesian, narratiban eta antzerkian. Bere lehen liburua poema bilduma bat izan zen: Ansiedade (1928, Herstura). Hurrengoak, O Outro Livro de Job (1936, Joben beste liburua) eta batez ere Alguns Poemas Ibéricos (1952, Iberiar poema zenbait) eta Orfeu Rebelde (1958, Orfeo bihurria) arrakasta handikoak gertatu ziren. 1937an A Criação do Mundo. Os Dois Primeiros Dias (Munduaren sorrera. Lehenengo bi egunak) idatzi zuen, bere haurtzaroan eta Brasilgo nerabezaroan oinarritutako autobiografia bateko zikloaren hasiera. 1941ean Diário argitaratu zuen, hitz neurtuz eta lauz idatzitako sail luze bateko aurrenekoa. Torgaren fikzioaren ezaugarri nagusietako batzuk izadi eta gizabanakoekiko harreman intimoa eta injustiziekiko eta gizakiaren surfimenduarekiko sentiberatasuna dira, eta ezarritako ereduen aurkako protesta suharra ere nabarmentzen da. Torgaren fikzioetan gizakia bere indarraren bila abiatzen da, sustraituta dagoen izadian, bizitzaren eta heriotzaren arteko larrialdi iraunkorrean. Bere idazketan nonahi agertzen da, halaber, jainkozkoaren zentzua, dramatismo handi eta biziko jarrera batez, baina ez erlijioaren atxikimenduz, Sortzailearen aurkako matxinada gisa baizik. Maisutasunez erabiltzen du herri adierazpenetatik sortutako hiztegia, bere jaioterriarekiko atxikimendu sakonaren lekukotasun gisa. Beste zenbait lan aipagarri: Bichos (1940, Piztiak), O Quinto Dia da Criação do Mundo (1974, Munduaren sorreraren bosgarren eguna), Fogo Preso (1976).