Toffler, Alvin
Estatubatuar soziologoa eta idazlea (New York, 1928). Kazetari gisa lan egiten hasi zen, Fortune, Horizon eta Life aldizkarietan. IBM multinazionalaren eta Rockefeller Fundazioaren aholkulari izan da, eta eskolak eman ditu hainbat eta hainbat unibertsitate eta kultura fundazioetan. Washingtonen berriemaile gisa lan egin eta doktoregoa lortu ondoren, etorkizuneko soziologiari buruzko eskolak eman zituen New School for Social Researchen. Haiek izan ziren futurologiaz emandako lehenengo eskolak eta ikasketak. Tofflerek gertakizun sozialen azterketa dibulgazioaren bidez zabaldu eta sakondu beharraz hitz egiten zuen, eta "profeta sozialaren" ospea irabazi zuen horrela. Bere obren argitalpenak zirkulu akademikoetatik urrunarazi zuten, eta jendartera hurbildu, arrakasta handia izan baitzuten: Etorkizuneko shocka (1970); Hirugarren uhina (1980). Hirurogeiko hamarraldiaz geroztik bere emazte Heidiren laguntza izan du liburuon idazketan, bera ere gizarte aldaketen azterketan aditua baita, etorkizuneko higikunde eta gertakizunen ikertzaile gisa. Beste zenbait lan aipagarri: Aurrerapenak eta premisak (1983); Boterearen aldaketa (1990); Gerra eta antigerra: bizirik irautea XXI. mendearen hastapenetan (1993).